"Plazetan irabazitakoagaz magia egiteko gauza gehiago erosten dut"

Anboto 2013ko eka. 27a, 12:18
Berrogeita hamar bat liburu dauzka magiari buruzkoak, karta-sortak ehun inguru... eta badabil plaza batzuetan ikuskizunak eskaintzen. Durangon, Juan Itziarko jaietan izan da azkenengoz Ibon del Olmo (Durango, 18 urte); pozik dabil magiaren saltsan

Berrogeita hamar bat liburu dauzka magiari buruzkoak, karta-sortak ehun inguru... eta badabil plaza batzuetan ikuskizunak eskaintzen. Durangon, Juan Itziarko jaietan izan da azkenengoz Ibon del Olmo (Durango, 18 urte); pozik dabil magiaren saltsan.

 

Txikitatik zara magia zalea?

Aitak txikitan betiko trukuak egiten zizkidan; “Begira Ibon, hartu karta bat...”. Betiko jokoak, eskasak. Gero, liburuak irakurtzen hastean, gauza asko topatzen dituzu.

 

Zelan hasi zinen mago bihurtzen?

14 urtegaz, Youtuben ikusi nuen bideo bat, Criss Angelena: zotz bat hartu eta desagerrarazi egiten du. Eta pentsatu nuen, “zelan ote da?”. Tutorial batean zelan egiten zuen irakurri nuen. Aitari egin nion, eta harrituta gelditu zen! Geroago, Interneten kartak eta materiala erosten hasi nintzen. AVI Bizkaiko ilusionisten elkartean eman nuen izena, eta han hitzaldiak izaten ditugu. Adibidez, Juan Tamariz etorri izan da, eta bere liburuak eta jokoak erakutsi dizkigu.

 

Trikimailuak erakusten dizkizuete? 

Beno, trikimailuak ez, baina bai teoria. Magia teoria ere bada. Psikologia dauka... Publikoak guk gura duguna ikus dezan zer pauso egin-eta... Beste gauza batzuk ezkutatu egiten ditugu.

 

Zelako trikimailuak egitea gustatzen zaizu?

Kartak asko gustatzen zaizkit. Sekulakoa da, metro batera egon zaitezke, eta ezer ikusi ez!

 

Publikoa harrituta ikustea izango da ona zuenean...

Bai. Txaloak entzutea baino, batzuetan “ooooh!” batek gehiago esan gura du. Geroago eta gehiago eta hobeto egin gura izaten duzu. Plazetan irabazten dudanagaz, magiarako gauzak erosten ditut, eta haiekin irabazitakoagaz, beste zer edo zer erosten dut. Sorgin gurpila da; aurrekoa hobetu guran zabiltza beti.

 

Ingurukoekin egingo dituzu probak...

Bai. Berrogeita hamar liburu inguru dauzkat etxean, eta lantzean behin bat hartu eta probak egiten ditut. Gero, amari deitu eta hark esaten dit, “igarri egiten zaizu” edo “nahiko ondo, hori apuntatu”. Ispilu aurrean probak egin, aitari esan, lagunei gero...

 

Egunero entseatzen duzu?

Irakurri agian ez, baina kartekin bai. Etxean ehun karta sorta inguru dauzkat, eta beti hartzen dut baten bat kartak nahasteko, apaindurak egiteko, jokoak praktikatzeko...

 

Magia ikuskizun askotara joaten zara?

Gustatzen zaizkidan magoak badatoz, joaten naiz ikustera. Dani de Ortiz pila bat gustatzen zait, Juan Tamariz ere bai, Luis Piedrahita... Gasteizen kongresu bat egoten da, eta munduko magorik onenak joaten dira bertara. Egoten dira hitzaldiak, ikuskizunak, denda... Astebete magoz inguratuta! Asko gozatzen eta ikasten dugu.

 

Ikusle zarela, gozatu egiten duzu ala trikimailuei adi-adi egoten zara?

Beti zabiltza zelan egiten duten ikusten, zeuk egiteko ideiak hartzen... Ez baduzu ikusten, bueltak ematen dizkiozu: “nik ikasi egin dut hori, eta ez dut ikusi”, baina beti gozatzen duzu magia ikusten. Sekretua jakinez gero, agian zuek ez duzue disfrutatuko, baina guk bai. Esaten dugu: “hara, zer ona den hori egiten!” Beste modu batean ikusten da.

 

Zein da ikusi duzun trikimailurik liluragarriena?

Criss Angeli ikusi nion behin... harena ikaragarria da. Egon daiteke Las Vegasen jendez inguratuta, eta pertsona bat erdibitu egiten du. Agian hankak geldi geratzen dira, eta gerritik gorakoa mugitu... Jendeak eskua pasatzen zuen, eta han ez zegoen ezer! Bertan, ondoan egotea itzela izango da; fisikoki ezinezkoa da. Gero ikusi nuen zelan egiten duen...

 

Horren trukua badakizu?

Bai. Urtebete ibili nintzen begira, Internetetik artxiboak jaisten, DVDak erosten... Pirateria ez dago txarto ikusita magiaren munduan. Azkenean, dena magoen artean geratzen da, eta gure artean trukuak partekatzeko ez da arazorik egoten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!