Espainiako hainbat marka hautsi dituzte Durangon

Anboto 2013ko eka. 24a, 13:00

Miguel de Blancok mailu jaurtiketan, Pablo Bugallok xabalinan, Claudia Rojok hesietan eta Paula Ferrandizek pisu jaurtiketan errekor berriak ezarri dituzte. Bidezabal taldeko Leire Gorritxategik zilarrezko domina jantzi du xabalina jaurtiketan.

Miguel de Blancok mailu jaurtiketan, Pablo Bugallok xabalinan, Claudia Rojok hesietan eta Paula Ferrandizek pisu jaurtiketan errekor berriak ezarri dituzte. Bidezabal taldeko Leire Gorritxategik zilarrezko domina jantzi du xabalina jaurtiketan.

 

Durangoko atletismo pistako harmailek gutxitan jasoko zuten asteburu honetan lako betekadarik. Gazteen Espainiako Atletismo Txapelketa Durangon jokatu da eta zapatuan zein domekan bete egin ziren harmailak. Eragindako ikusminaren parean aritu ziren atletak ere eta Espainiako hainbat errekor apurtu zituzten. Miguel Angel Blancok (FC. Barcelona) 72.47 metrotara bota zuen mailua errekor berria ezarriz. Pablo Bugallok (CAP Alcobendas) beste hainbeste egin zuen xabalinan: 74.21 metro. 400 metro hesietako errekor berria Claudia Rojorena (Ria Ferrol-C.Arenal) da aurrerantzean: 1.01.94. Azkenik, Paula Ferrandiz-ek (CA Benacantil) 14.80 metrotara heldu zen pisu jaurtiketan, aurreko marka apurtuz. Horrez gainera, markarik apurtu ez arren, azpimarragarriak izan ziren 100 eta 200 metrotan Ingrid Andres kataluniarrak egindako denborak ere: 11.86 eta 24.57. Adituen ustez, 100 metroko errekor berria ezartzeko aukerak izango zituen haizea kontra izan ez balu.

 

Atleta euskaldunei dagokionez, Bidezabal atletismo taldeko Leire Gorritxategik zilarra jantzi zuen xabalinan (49.99) eta Nora Orduñak (Atletico San Sebastian) ere zilarrezko domina irabazi zuen 100 metro hesietan. Gainera, Orduñak munduko txapelketara joan ahal izateko gutxiengo marka lortu zuen: 13.91.

 

Bidezabal taldeko presidente Aitor Casal “oso pozik” agertu da txapelketaren nondik norakoagaz: “Espainiako federazioak eta hainbat klubek zoriondu egin gaituzte antolaketan egindako lanagatik. Gainera, hainbat errekor ikusi ahal izan dugu. Ezin dugu gehiago eskatu”.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!