Barikuan hasita, kaleko zortzi kultur emanaldi, Durangon

Anboto 2013ko eka. 24a, 08:33

San Agustin kulturgunetik Durangoko kaleetara aterako dituzte emanaldiak

San Agustin kulturgunetik Durangoko kaleetara aterako dituzte emanaldiak.

 

San Agustin kulturguneak irailera arte ateak ixten dituenean, bertako edukiak kalera ateratzeko pentsatu zuten Uda Kalean Bizi programazioa duela 14 urte.

 

Zortzi emanaldi izango dira aurten: musika, zirku edota antzerki ikuskizunak. Udaletxeko edo Ezkurdiko plaza, Kurutzesantu Museoa edo Andra Mariko elizpea hartuko ditu datozen asteetan kulturak, eta aurten, espazio berri bat estreinatuko dute: musika eskolako lorategia.

 

Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko kudeatzaileak, Jon Kepa Garro zinegotziak, eta Khantoria taldeko Ander Berrojalbiz musikari durangarrak aurkeztu dute aurtengo programazioa.

 

Erdi Aroko musika

Duela bi urte Durangon estreinatu zuten Bereterretchen oinatzak eskainiko dute Khantoria hirukoteak –Ander Berrojalbiz, Maider Lopez eta Virginia Gonzalo– eta Kerstin Ansorge eta José Menéndez musikari gonbidatuek. Biolina, biola, Erdi Aroko organettoa, harpa gotikoa, edota txirula doblea izango dira, besteak beste, entzungai.

 

Funes Van zirku ikuskizunak zabalduko du ekainaren 28an Uda Kalean Bizi, eta beste zirku ikusizun bat ere izango da, uztailaren 13an: El negro y el flaco taldearen Charabia.

 

Le Petit Theatre de Pain Frantziako taldearen emanaldia eta musika eskaintza azpimarratu dituzte aurkezpenean: “kontzertu intimista” eskainiko dute, uztailaren 18an, Fran Lasuenek eta Jose Luis Canalek, eta Alemaniako Banda Beat’n Blow taldeak itxiko du programazioa, Andra Mariko kontzertuagaz.

 

 


Emanaldiak

  • Ekainaren 28an, ‘Funes Van’, 18:30ean, udaletxeko plazan.
  • Uztailaren 6an, ‘Cabaret’, 20:00etan, Ezkurdin.
  • Uztailaren 11n, ‘Bereterretchen oinatzak’, 20:00etan, Musika Eskolako lorategian.
  • Uztailaren 13an, ‘Charabia’, 20:00etan, Ezkurdin.
  • Uztailaren 18an, Fran Lasuen & Jose Luis Canal, 20:00etan, Kurutzesantu museoan.
  • Uztailaren 20an, ‘Globe story’, 22:00etan, Andra Mariko elizpean.
  • Uztailaren 24an, Folklore jaialdia, 22:00etan, Andra Mariko elizpean.
  • Uztailaren 28an, Banda Beat’n Blow, 20:00etan, Andra Marian.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!