Gazteen Espainiako atletismo txapelketa jokatuko dute asteburuan Durangon

Anboto 2013ko eka. 18a, 13:32
Gazte mailako 1000 atleta inguru batuko dira Durangoko atletismo pistan. Asteburu bi barru Ukrainian jokatuko den Munduko txapelketarako gutxieneko markak lortzea ere izango dute helburu 16 eta 17 urteko atletek.

Gazte mailako 1000 atleta inguru batuko dira Durangoko atletismo pistan. Asteburu bi barru Ukrainian jokatuko den Munduko txapelketarako gutxieneko markak lortzea ere izango dute helburu 16 eta 17 urteko atletek.

 

Espainiako gazte mailako atletarik onenak Durangoko atletismo pistan batuko dira zapatuan eta domekan. Bidezabal taldeak antolaketan eta Durangaldeko Amankomunazgoak azpiegiturak hobetzen egindako ahaleginari esker ekarri ahal izan dute txapelketa Durangora.

 

Atletismoko modalitate denetan lehiatuko dira gutxieneko marka lortu duten 1000 bat atleta. Euskadiko atletek gutxieneko 84 marka lortu dituzte: 51 neskek eta 33 mutilek. Lau jardunalditan banatu dituzte probak: zapatu goizean 10:00etan eta arratsaldean 17:15ean hasiko dira; domeka goizean 09:00etan eta arratsaldean 16:30ean.

 

Durangora etorriko diren atleta gazteetako batzuk munduko onenen artean daude. Fatima Diamé valentziarra bigarren dago munduko sailkapenean eta luzera jauzian 6,38 metroko marka harrigarria du. Pablo Bugallo madrildarra (3. munduko sailkapenean) ere puntan dabil xabalina jaurtiketan. Fuenlabrada taldeagaz dabilen Aitor Same Ekobe korrika eta Aleix Pi kataluniarra pertika jauzian dira beste izarretako batzuk.

 

Euskaldunei dagokionez Leire Gorrotxategi ermuarrak (Bidezabal taldeagaz dabil) goian ibiltzeko aukera handiak ditu xabalina jaurtiketan. Iaz, kadete mailan, Espainiako txapeldun geratu zen Castellón. Gorrotxategiz gainera, Bidezabaleko hainbat atletek lortu dute Espainiako txapelketara sailkatzea: Alazne Etxeberriak 200 metrotan, Nerea Aranburuk 400 metrotan, Alvaro Lopez Zabalak 200 metrotan eta Gonzalo Santamariak pertika jauzian. Durango Kirol Klubeko Izaro Telleriak, berriz, 2000 metro oztopoetan parte hartuko du.

 

Ramon Cid: "Goi mailako atletak etorriko dira" 

 

Asteburuko txapelketako xehetasunak gaur aurkeztu dituzte Kurutziaga hotelean. Bertan izan dira Aitor Casal Bidezabaleko presidentea, Oskar Zarrabeitia Durangaldeko Amankomunazgoko presidentea, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol eta Gazteria Saileko zuzendaria, Juan Jose Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidentea eta Ramon Cid Espainiako Atletismo Federazioko zuzendari teknikoa. Leizaolak Bidezabalen lana goraipatu eta iaz eskola kirolean Aldundiak izan zituen lizentzia kopurua azpimarratu du: 2.200 lizentzia, guztira. Zarrabeitiak azaldu duenez “Amankomunazgotik ahalegin ekonomikoa egin dugu azpiegiturak erabat homologatzeko eta aurrerantzean ere, ahal den neurrian, laguntzen jarraituko dugu Durangora edo Durangaldera horrelako ekitaldi gehiago etorri daitezen”.

 

Horrelako txapelketek atleten urte osoko lana ikusteko balio duela adierazi du Anderezek: “Erakuslehio bat da urte osoan gogor entrenatzen diren atletentzat”. Cid-ek txapelketan izango den maila azpimarratu du: “Goi mailan dabiltzan hainbat atleta etorriko dira, baina batez besteko maila, oro har hartuta, oso ona da. Krisiagaz mailak behera egingo zuela uste genuen, baina ez da horrelakorik gertatu”. Azkenik, Casalek horrelako txapelketak herrira ekartzeak dakartzan onurak gogoratu ditu: “Inguruko hotelak ehunik ehunera beteta daude”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!