"Oso jende gutxi dago txarto kantatzen duena"

Anboto 2013ko eka. 16a, 08:42
Duela hiru urte hasi zuten Kantulagun, lagunartean kantatzeko egitasmoa, Plateruenean. Beñat Aiartzarekin gidatzen du kantu taldea Ugaitz Catalanek. Durangartzen dabilen soraluzetarra da. Musikan murgilduta daroa bizitza guztia

Duela hiru urte hasi zuten Kantulagun, lagunartean kantatzeko egitasmoa, Plateruenean. Beñat Aiartzarekin gidatzen du kantu taldea Ugaitz Catalanek. Durangartzen dabilen soraluzetarra da. Musikan murgilduta daroa bizitza guztia.

 

Hirugarren urtea egin duzue Kantulagunen. Zer moduz zabiltzate?

Oso gustura. 40-60 lagun egoten gara, eta jendea oso gustura etortzen da. Beñatek, gainera, gitarra jotzen du, eta artista bat da.

 

Askok errepikatzen dute?

Bai. Lehenengo urtean, lau saio egin genituen gonbidatuekin, eta jendeak gehiago eskatu zuen. Orain, beti ez dira etortzen gonbidatuak, baina tartekatu egiten ditugu gonbidatuen eguna, kaleko Kantulaguna, eta noiz edo noiz Beñatek eta nik bakarrik jarduten dugu. Lantzean behin jendeak esaten digu, “ez ez, abesti hau ez da horrela”, eta guk, “a, ez?”... Hartu-eman handia egin dugu.

 

Kantari ezagunak gonbidatzen dituzue tarteka. Egon da zuretzako baten bat berezia?

Denetik egon da. Adibidez, Tapia eta Leturia etorri zirenean, oso ondo ibili ginen. Niri asko gustatzen zait Tapia eta Leturiaren musika, abesti denak dakizkit, eta asko gozatu nuen; baina euren errepertoria erakutsi zuten batez ere, eta kanturako tartea faltatu zen. Gero, gogoratzen dut Mikel Markezekin itzel ibili ginela, oso jatorra, eta jendeak oso gustura kantatu zuen. Domentxena ere berezia izan zen. Gurekin ibiltzen da taldean, eta tresna asko jotzen ditu; biolina, gitarra portugesa... Beñatek ere jotzen ditu hainbat. Oso polita izan zen. Publikoa kantuan ibili zen denbora osoan, pilo bat tresnak lagunduta.

 

Zergatik engantxatzen du taldean kantatzeak?

Abesteak berak, gustuko badaukazu, bete egiten zaitu. Eta beste batzuekin abesten duzunean, gusturago zabiltza. Gainera, tartean tresnaren bat badago, ondo entzuten da. Ez da dutxan moduan: berrogei lagun, eta gitarra bat edo beste tresnaren bat; bete egiten zaitu. Ondo entzuten duzu. Eta egia esan, ondo kantatzen dugu. Oso jende gutxi dago txarto kantatzen duena, e? Ahots eskasa eduki dezakezu edo belarri onik ez, baina pixka bat tentuz kantatuz gero, nahikoa izaten da.

 

Inork ez du desafinatzen?

Guk agian, bigarren ahotsa egiterakoan-eta! Baina bestela... Eta giro ona dago. Ostegun batean, lagunekin etorri, ardotxo bat hartu, jesarri eta kantuan ibiltzea. Niri izugarrizko plana iruditzen zait.

 

Erromeria talde batean ere bazabiltza.

Bai, Xero Xiete. Durangon jo genuen behin. Itzelezko erridikulua egin genuen, e... Gure kontzerturik eskasena izan zela uste dut. Gitarra gabe etorri ginen, gero inork ez zuen dantzarik egiten... Beno, durangarrek ez zuten dantzarik egiten. Soraluzeko batzuk etorri ziren, eta eurek bai!

 

Musika arloan ibili zara beti. Magisteritza musikala ikasi nuen.

Beti gustatu izan zait. Musika eskolan tresnaren bat jotzen ikasi nuen, eta abestea asko gustatu eta koruan ere ibili nintzen. Sasoi batean gauza askotan ibili nintzen; erromeria taldean, antzerkian ere bai... eta korua utzi egin nuen. Orain, Kantulagunekin gustura nabil, mantentzen dut nire “monoa” eszenatokira igo eta kantatzeko.

 

Lau urteko umeen irakaslea zara. Eurekin asko kantatzen duzu?

Nire ume gizajoak! Egun osoa kantuan pasatzen dut. Baina gustura ibiltzen gara. Gitarra pixka bat jotzen dut, eta harekin ere abesten dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!