Zapatuan, Plateruenean eskainiko du Javier Vargas (Madril, 1958) bluesaren gitarrista handiak kontzertua. Bi hamarkadako ibilbidea errepasatuko du.
Non, zertan zabiltza oraintxe?
Madrilen nago, laster kaleratuko dudan diskoaren azala amaitzen gabiltza. Duela bi egunera arte, kontzertu biran ibili gara Espainian zehar.
Zelan hartu zaituzte entzuleek bira horretan?
Geratu barik gabiltza azken lau urteetan, jo eta jo, ehunka kontzertu egin ditugu Europan zehar. Urrira arte, beste hainbat kontzertu dauzkagu, eta aldi berean, hurrengo diskoa borobiltzeko lanetan ere bagabiltza.
Benetan zabiltza geratu barik!
Bai. Aurten birritan etorri naiz Europara, eta errepidean eta oholtza gainean eman ditugu hilabeteak.
Nondik atera duzu disko berrirako kantak sortzeko astia?
Iaz nire ibilbideko kanta guztien Vargas Blues Band & Company bilduma kaleratu genuen, hainbat lagun musikariren kolaborazioarekin: Jack Bruce, Larry Graham, Andrés Calamaro eta Raimundo Amadorrekin, esaterako. Urtebete darama disko horrek merkatuan. 2012ko neguan, Ibizan daukadan etxean sortu nituen, bestalde, laster kaleratuko dudan disko honetarako kantak. Riff eta ideia piloa idatzi nituen, eta hamaika kanta sortu ditugu.
Zelakoa izango da disko berria?
Rock-blues disko bat da, eta Heavy city blues deituko da. Jarraitzaile eta rockaren munduko lagun askok esan izan didate sarri, ea zergatik ez dudan disko rockeroago bat egiten; Black Sabath edo Jimmy Hendrixen estiloan. Nire riffak blues klasikotik datozen arren, rock&roll doinuetan gehiago sartu naiz, doinu gogorragoetan. Bateria ikaragarriak lortu ditugu Carmine Appice maisuarekin. Disko baten grabazioa amaitzen dudanean, bati iruditzen zait zerbait hobetu zitekeela. Ostera, perfektua iruditzen zait hau: benetan, ez diot ezelako bainarik topatzen!
Zer da zure lanetik gehien betetzen zaituena?
Oholtzara igotzeagaz gozatzen dugu musikariok gehien, eta merkatuaren kontuekin gutxien: paperak, kontratuak, erabakiak hartzea... Sortzea eta jotzea da gogoko dudana. Eta errepidea: asko gozatzen dut bidaiatzen ere.
Zure ibilbide osoari errepasoa egingo diozue Durangon?
Urte asko daramatzadanez banda honegaz, oso errepertorio zabala daukagu, eta aldatu egiten dugu kontzertutik kontzertura, lekuaren arabera. Baina Vargas Blues Band & Company diskoko kantak joko ditugu, seguru.
Durangora zer musikarirekin etorriko zara?
Luis Mayo bajistarekin, Peter Kunst bateriarekin, eta David Lads Sanchez teklistarekin.
Areto oso handietan zein txikietan jotzen duzu, ezta?
Leku eta jaialdi ikaragarri handietan, areto txikiagoetan, bai eta blues klub txiki-txikietan ere jotzen dugu. Areto handi zein txikietan; entzun gura gaituen jendearen aurrean joaz gozatzen dugu. Bluesa, gehien-gehien, areto txikietan gozatzen da, gainera.
Bidaia bat da zure biografia. Zer eragin du esperientzia horrek zure musikan?
Asko eragiten du, noski. Argentinako rockak, esaterako, asko eragin zidan, baina Venezuelan musika latinoa jaso nuen, eta gero, AEBetara joan nintzen, nik gura nuena bluesa eta rocka jotzea zelako, eta han zegoelako mugimendu hori: musikari piloa ezagutu dut horrela.
Musikaren bila bidaiatu duzu.
Musika eta gitarra izan dira nire bidea. Orain Interneten daukazu edozein gauza, baina ni hasi nintzenean, Jack Kerouacken Bidean liburuan bezala, bidaiatu beharra zegoen nahi zenuen hura ikusteko: abentura bat zen, eta sare sozialak kalean zeuden.