Zapatuan Arabako Itzuliko taldekako erlojupekoa irabazi zuen Durangoko taldeak.
Taldekako erlojupekoan arma eraginkorra du gazte mailako Beste Alde-Orue Eskola taldeak. Orain astebete, Butroeko lasterketa irabazi zuten espezialitate horretan eta zapatu honetan Arabako Itzuliko taldekako erlojupekoa irabazi dute Caicedo Yuson hasi eta Salinas de Añanan amaitutako 11 kilometroko lasterketan: Gartzen Elejabarrieta, Adrian Sainz, Jon Munitxa, Aritz Hernandez, Markel de la Fuente eta Beñat Unamunok osatu zuten zapatu goizeko seikotea. Durangoko taldeak zortzi segundoko aldea atera zion Burgosko Gerardo de la Calle taldeari eta 10 segundoko aldea Umprori. Alde hori handiagoa izango zen Elejabarrieta erori ez balitz; bost segundo inguru galdu zituzten ezbehar txiki horrekin.
Taldekako lan handi horri esker Aritz Hernandezek liderraren maillot horia defendatu zuen zapatuan bertan Izarran hasi eta amaitu zen arratsaldeko sektorean. Etapa horretako ihesaldian sartu, laugarren amaitu eta lidertzari eutsi zion.
Atzo, Arabako Itzuliko azkenengo lasterketan (Salinas de Añana-Salinas de Añana) Hernandezek zein talde osoak gogor lan egin zuten arren, ezin izan zioten maillot horiari eutsi eta Umpro taldeko Oskar Malaxetxebarriarentzako izan zen azken garaipena.