"Bertsolarien eta bertsozaleen bilgune bihurtu daiteke Kopla Txapelketa"

Anboto 2013ko eka. 7a, 13:18

Durangaldeko I. Kopla Txapelketa jokatuko da gaur gauean, Plateruena kafe antzokian (21:00etan afaria; 23:00etan saioa). Hamabi bertsolarik jardungo dute koplatan, eta horien artean egongo da Erika Lagoma. Lesakan sortu, Salamanca eta Iruñatik pasatu, eta Durangon bizi da gaur egun. Bertsozale Elkartean dabil beharrean. Txikitan hurreratu zen bertsoaren mundura, eta futbolean eta antzerkian ere ibilitakoa da. Asko dauka kontatzeko eta kantatzeko

Durangaldeko I. Kopla Txapelketa jokatuko da gaur gauean, Plateruena kafe antzokian (21:00etan afaria; 23:00etan saioa). Hamabi bertsolarik jardungo dute koplatan, eta horien artean egongo da Erika Lagoma. Lesakan sortu, Salamanca eta Iruñatik pasatu, eta Durangon bizi da gaur egun. Bertsozale Elkartean dabil beharrean. Txikitan hurreratu zen bertsoaren mundura, eta futbolean eta antzerkian ere ibilitakoa da. Asko dauka kontatzeko eta kantatzeko.

 

Zer espero duzu Kopla Txapelketaz?

Giro aparta egotea eta han batzen garenoi errepikatzeko gogoa sartzea. Durangaldeko bertsolarien eta bertsozaleen bilgune bihurtu daiteke.

 

Nafarroako txapelketa amaitu dela ez da asko. Udazkenean Euskal Herriko Txapelketa Nagusia etorriko da. Zelako momentua bizi duzu?

Ilusioz nabil, berriz ere neure buruarekin plazan topo egiten, horrek dakartzan poz eta beldur guztiekin.

 

Lana ere, bertsoaren munduan egiten duzu.

Bertsozale Elkartean egiten dut lan eta proiektu ugari dauzkagu eskuen artean. Esate baterako, uztailean bete-betean ibiliko gara bertso udalekuekin. Bertsolaritzak nire bizitzaren zati handiena hartzen du, ziur aski handiegia!

 

Txikitatik al zara bertsolari? Noiz zaletu zinen?

Ikastolan zaletu nintzen, eta hamaika urterekin bertso eskolan hasi. Harrezkero, bizi izan naizen lekuetako bertso eskoletan parte hartu dut: Lesakan, Iruñean, eta orain, Durangon.

 

Nor zen zure ‘idoloa’?

Ez naiz inoiz izan idolo zalea. Bertso eskolan hastean, belaunaldi berri bat plazaratzen ari zen, gaztea, estetika erakargarri batekin (Jon Maia, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Estitxu Arozena...). Belaunaldi hori oso erakargarria egin zitzaigun.

 

Antzerkian ere ibilia zara. Zelako esperientzia izan zen?

Bai ibili nintzen! Horretarako ausardia izan nuen! Ederra izan zen, baina estura momentuak pasa nituela ezin ukatu!

 

Hori guzti hori nahikoa ez eta futbolean ere jokatzen zenuen...

Urteetan ibili nintzen futbolean, Beran. Orduan, Lesakan ez zegoen emakumezkoen talderik. Postu askotan jokatu izan dut, eta denetan gustura. Atezain sekula ez!

 

Eta gaur egun, jarraitzen al duzu futbola?

Gero eta gutxiago, mundu horrekiko interesa galdu dut. Kirola gustuko dut, baina inguratzen duena ez horrenbeste.

 

Salamancan egon zinen ikasten. Zelako akordua daukazu urte haietaz?

Akordu ederra; uste dut denborak bizipen eskasak estali egiten dituela. Hasieran, astronauta samarra sentitu nintzen fakultatean. Filologia hispanikoa ikasi nuen. Erabaki ona izan zen karrera Euskal Herritik kanpo egitea, gauza asko ikasi nituen etxetik urrun egonda.

 

Lesaka utzi eta Durangora etorri zinen bizitzera. Zelakoa da Durango?

Durango ederra da, herria da, baina ez Lesaka bezain txikia. Gauzak egiteko gogoa duen jendea topatu dut nire inguruan. Adibidez, Plateruena bezalako gune bat izatea altxor bat da. Ez dakit bertako jende gehiena eta udala oso kontziente diren horretaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!