"Guk astebururo gozatzen duguna eskaini gura diegu gazteei"

Anboto 2013ko eka. 2a, 08:30

Burgosko herri txiki batean auzolandegia eta kanpamentua atondu dituzte; naturagaz topatzeko lekua dela diote

Burgosko herri txiki batean auzolandegia eta kanpamentua atondu dituzte; naturagaz topatzeko lekua dela diote.  Lagun bat bisitatzera joan zirenean ezagutu zuten Revilla de Herran (Burgos) Onditz eta Nestorrek. Leku hark sorginduta, bertan etxea atondu eta familiagaz joaten hasi ziren. Beste bikote bategaz, kanpamentua eta auzolandegia atondu dituzte bertan udarako.

 

Zelan topatu zenuten Revilla?

Nestor Berriotxoa: Han Arrasaten jaiotako lagun bat bizi da, eta hura bisitatzera joanda, lekua gustatu eta etxe bat konpondu genuen familia osoa joateko. Hango beste bikote bategaz etorri zitzaigun ideia. Eraikin bat erdi jausita zegoen, eta garbitu eta berreraikitzen hasi ginen.

 

Ingurua berezia da, ezta? Herri txiki-txikia.

O. M.: Itzela da. Valderejo parkea ondoan dago, leku lasaia da, ez dago dendarik ez tabernarik, ez beste ezer... Aukera asko dituen lekua iruditu zitzaigun.

N. B.: Inguruan badago, adibidez, La Montañuela izeneko ekimen indartsu bat. Nekazaritza ekologikoko proiektua da, eta Bilbo aldean ehun kaxatik gora banatzen du astero. Gure lagunek, gainera, zaldiak eta behorrak dituzte; bioeraikuntzan dabilen jendea ere badago...

 

Naturagaz berriro topatzeko lekua dela diozue blogean...

N. B.: Naturagaz, norberagaz eta taldeagaz... Hainbeste Whatsapp, hainbeste Tuenti, Twittter... Hiperkonektatuta gaude. Baina azkenean, ez gara hainbeste egoten elkarregaz. Eta han, afaloste batean ez dago ezer egiteko, eta berba egingo dugu. Bertako jendearekin ere egongo gara. Han aitita-amamak bizi dira, eta aparte, herritxo bakoitzean badago familia bat edo bi, bertakoak ez direnak baina joan direnak halako leku bat topatzera. Euregandik asko ikasi daiteke.

 

Zer jarduera egongo dira kanpamentuan?

N. B.: Auzolandegian, goizetan “lan” egingo da; nekazaritza ekologikoa, animalien zaintza...

O. M.: Inguruko txokoak konpontzen ere ibiliko gara, eta bioeraikuntza arloa ere landuko dugu. Arratsaldetan, bainua, bizikletak, irteerak... Astebururo gozatzen duguna eskaini gura diegu gazteei.

 

Dena-dena zuek prestatutakoa da.

N. B.: Diru asko eduki ez, eta gainera, gastatu ere ez genuenez egin gura, hor ibili gara materiala eskuratzen; jende askok lagundu digu.

 

Internet bidez, ‘crowfunding’-arekin proiektua babesteko dirua lortu duzue.

O. M.: Zabaldu dugu ate bat, eta zenbat aukera berri! Ezagutzen ez dugun jendeak gu babestea, animo hori sentitzea itzela izan da.

 

Elorrioko Amalurren begirale izan zineten. Honek zer edukiko du berezia garai haiekin alderatuta?

O. M.: Oso desberdina da. Ardura handiagoa dugu orain, eta ikuspegia orokorragoa da. Badaukagu gazteekin edukitzeko saltsa hori, eta urteotan kale hezitzaile eta begirale lanetan egin dugun lana, guraso perspektiba. Zertan kontzientziatu gura dugun ere badakigu.

N. B.: Iazko udan, adibidez, oso euri gutxi egin zuen. Ia ur barik pasatu genuen uda, eta horrek erakutsi zigun urak daukan garrantzia, ur gutxigaz bizi ahal dela...

O. M.: Ohituta gaude txorrota zabaldu eta ura ikustera. Ura isurbidera barik, balde batera joango da auzolandegian, eta ura zelan aprobetxatu ikusiko dugu.

Bloga: http://reencontrandonosenlarevilla.blogspot.com.es/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!