Musika-tresnak birziklatzeko tailerra, Bartolome Ertzillan

Anboto 2013ko mai. 29a, 12:05

Ekainaren 1ean, 17:00etatik aurrera egingo dute Reciclonk izeneko tailerra Turukutupa taldeagaz

Ekainaren 1ean, 17:00etatik aurrera egingo dute Reciclonk izeneko tailerra Turukutupa taldeagaz.

 

Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolak Udaleko Agenda 21en laguntzagaz antolaturikoa da musika-tresnak birziklatzeko tailerra. Bost eta hamabi urte bitarteko ikasleei zuzendurikoa da Reciclonk izeneko ekimena, eta ekainaren 1ean egingo dute, Durangoko musika eskolan.

 

Turukutupa taldeak jardungo du dinamizazio lanetan, eta tailerraren bitartez, umeen sorkuntza plastikoa eta musikala sustatu gura dituzte. Berrerabilitako materialekin musika tresnak egitea eta umeak birziklapenera hurreratzea da helburua.

 

Tailerraren lehenengo partean, akustikaren eta musika tresnen berri emango diete parte-hartzaileei, eta saio esperimentala egingo dute hurrengo ordubetean, ume bakoitzak tresna bat sortu dezan. Hondakinekin egindako tresnekin, kontzertu bat eskainiko dute Turutupaka taldeko musikariek, Durangoko musika eskolan. Ekainaren 1ean izango da saioa, 17:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!