Gaur eta bihar, 22:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute Kurutziaga ikastolako antzerki taldeko gazteek emanaldia.
Kilonbo izeneko obra antzeztuko dute: esklabo lana egitera beharturikoek oihanean sorturiko komunitate askeei erreferentzia egiten dien izenburua dauka antzezlanak. Ikastolako 13, 14 eta 15 urteko 42 antzezlek parte hartuko dute emanaldian, eta astelehenean eta martitzenean ikaskideen aurrean ere eskainiko dute.
Kurutziaga ikastolako antzerki proiektua kudeatzen duen Jose Martin Urrutia Txotxe irakasleak idatzirikoa da testua, eta ikasleek sorturikoak eszenografia eta koreografiak. Irakasleak azaldu duenez, badira hogeita zazpi urte ekimen honegaz dabiltzala Kurutziagan.