Sapuberrik igoera lortu du liga amaiera ikusgarri baten ostean

Anboto 2013ko mai. 14a, 09:35

Azken hamar partiduetatik bederatzi irabazi eta bat berdindu dute. Horrela, orain hiru urte sortu zuten taldeak bigarren bider igotzea lortu du eta Maila Gorenean arituko da datorren denboraldian.

Azken hamar partiduetatik bederatzi irabazi eta bat berdindu dute. Horrela, orain hiru urte sortu zuten taldeak bigarren bider igotzea lortu du eta Maila Gorenean arituko da datorren denboraldian.

 

Zapatuan 1-5 irabazi zuten Gu Lagunak taldearen kontrako derbia. Partidua amaitu zenean oraindik matematikoki igo barik zeuden. Zamudiok bere partidua galdu zuenean (3-2 Hegalariak taldearen aurka) lortu zuten igoera matematikoa. Ondoren, Basauriko Zuentzat eta Elorrioko B taldeek bina berdindu ostean, lehenengo tokia ere segurtatu zuten liga amaitzeko jardunaldi baten faltan.

 

Denboraldia bikain hasi eta erdi inguruan pattalaldi bat izan zuen Sapuberrik. Segidan hiru partidu galdu eta bosgarren tokira jaitsi ziren. Barne hausnarketa egin behar izan zuten ibilbidea zuzentzeko Yelko Uribe Sapuberriko jokalariaren esanetan: “Konfidantza larregi hartu genuen. ‘Hiru partidu galdu baditugu,  beharbada ez gara hain onak ere’, pentsatu eta txipa aldatu beharra zegoela erabaki genuen. Harrezkero lortu duguna denon lanaren ondorioa da. Asko entrenatu dugu. Esaterako, eguraldi ona zein txarra egin, korrika egiten irteten hasi ginen”. Lanak bere emaitzak eman ditu eta azken hamar partiduetatik bederatzi irabazi eta bat berdindu ditu Durangoko taldeak.

 

Datorren zapatuan, 20:00etan, ligako azken partidua jokatuko dute Landako kiroldegian Mazusberri taldearen aurka. Partidu hori zaleei eskerrak emateko baliatuko dute: “Etxeko azken partiduetara jende asko etorri da gu animatzera eta asko lagundu digute. Oraindik ez dakigu zer eta zelan, baina animo horiek eskertzeko zerbait egingo dugu zapatuan”.

 

 

Elorrio eta Gu Lagunak

 

Maila berean, Lehenengo Erregionalean, igoera lortzeko aukera handiak ditu Elorrioko B taldeak ere. Bigarren daude, igoera postuan, eta puntu bira dute Zamudio. Barikuan, 20:00etan, Aurrera Beti talde hartuko dute etxean. Ez zaie zaleen animorik faltako. Denboraldi osoan legez, Elorrioko kiroldegiko harmailak beteta egongo dira taldea animatzeko.

 

Iurretako Dantzarik ez du igotzeko aukerarik. Sapuberrirengandik hiru puntura dago, baina talde bien arteko averagea durangarren aldekoa da. Hala ere, denboraldi osoan goiko postuen borrokan ibili dira eta denborladi ona burutu dute.

 

Azkenik, Gu Lagunak taldeak gatx dauka mailari eustea. Azken jardunaldiaren faltan, jaitsiera postuan daude eta bi puntura dute Freunde, harrapatu dezaketen talde bakarra. Gu Lagunak-ek jokoan ezer ez duen Galdakaoko Beseka taldea bisitatuko du domekan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!