Durangaldeko lau musika talde gazte Platerueneko finalean

Anboto 2013ko mai. 14a, 08:30

Krome, Raxfer, Kilauea, eta Doktors Klub taldeak ailegatu dira Durangaldeko I. Maketa Lehiaketaren finalera. Maiatzaren 17an, Plateruenean joko dute

Krome, Raxfer, Kilauea, eta Doktors Klub taldeak ailegatu dira Durangaldeko I. Maketa Lehiaketaren finalera. Maiatzaren 17an, Plateruenean joko dute.

 

Eskualdeko musika eszenaren erakusle izan da Abadiño, Iurreta, Durango eta Zornotzako udalek aurten lehenengoz antolatu duten Durangaldeko I. Maketa Lehiaketa. Datorren barikuan, Durangoko Plateruenean egingo dute finala eta sari banaketaren ekitaldia.

 

Eskualdeko bederatzi taldek jardun dute lehiaketan, eta lau aukeratu ditu epaimahaiak Platerueneko final horretan jotzeko: Iurretako Krome, Zornotzako Raxfer, Elorrioko Kilauea eta Durangoko Doktors Klub. Doakoa da finaleko kontzertuetarako sarrera, eta kalitate handikoa kartela: Durangaldeko musika taldeen aniztasunaren isla izango da emanaldia, eta beraz, ezin saihestuko hitzordua Durangaldeko musikazaleentzat.

\"\"

 

Lehenago Second taldean jardundako 17 eta 19 urte bitarteko bost iurretarrek duela urtebete inguru sortu zuten Krome taldea. Hardcore estiloko musika egiten dute, eta bateriaren eta ahotsaren indarra azpimarratu dituzte taldekideek eurek, taldearen indargune nagusi bezala. Lehenengo aldia dute honen moduko lehiaketa batean, eta esan dutenez, “sorpresa handia” izan da finalera ailegatzea.

 

Zornotzar bat eta zaldibartar bi batzen ditu 2008an Zornotzan sorturiko Raxfer taldeak. Lehiaketetan lehenago ere jardundakoak dira: Berrizko Aldapa lehiaketan, edo Durangoko Rock Izar Eskolakoan, esaterako. Barikuko kontzerturako “gogotsu” daudela diote. Ez da lehenengo aldia Plateruenean joko dutena, baina aukera ahal beste aprobetxatzen saiatuko dira, seguru. Zuzenekoak dira Raxfer taldearen indargune nagusia.

 

2011ko irailean Kilauea Rock diskoa grabatu zuen Elorrioko Kilauea laukoteak ere joko du Durangaldeko Maketa Lehiaketaren Platerueneko finalean. Azken urte bietan 70 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, eta denbora horretan, gainera, zazpi-zortzi kanta berri konposatzeko ere atera dute denbora.

 \"\"

Country doinuak jotzen dituen Durangoko Doktors Klub boskotea ere hautatu dute finalerako. Finalera ailegatzeagaz “harrituta, baina oso pozik” daudela diote taldekideek. Belar fardoetan jesarrita agertzen dira oholtzara, eta zuzenekoaren zein jotzen duten musika estiloaren “originaltasuna” uste dute egin ahal izan zaiola epaimahaiari deigarri. Kanta zaharrak zein berriagoak joko dituzte finalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!