"Irabazi zein galdu taldea zorionduko dugu; play off-a jokatzea garaipen handia da"

Anboto 2013ko api. 30a, 12:26

Tabirako saskibaloi klubaren gaurkotasuna jorratu du Itsaso Gartzia klubeko presidenteak. Emakumeen talde nagusiaren denboraldi bikaina, udako eskola eta zuzendaritzaren kudeaketa izan ditu berbagai, besteak beste. Emakumeen taldea goraipatu du: \"Kantxan inork baino gogo gehiago jartzen dugu\"

Tabirako saskibaloi klubaren gaurkotasuna jorratu du  Itsaso Gartzia klubeko presidenteak. Emakumeen talde nagusiaren denboraldi bikaina, udako eskola eta zuzendaritzaren kudeaketa izan ditu berbagai, besteak beste. Emakumeen taldea goraipatu du: "Kantxan inork baino gogo gehiago jartzen dugu".

 

Emakumeen taldea igoerako play-off-a jokatzeko sailkatu da. Zelan baloratzen duzue emakumeen taldearen orain arteko denboraldia?

Egia esateko, denboraldia hasi zutenean ez genuen helburu hori buruan. Denboraldiaren hasiera zaila izan zen, abuztuaren bukaeran, bat-batean, bederatzi jokalarirekin bakarrik gelditu ginelako eta senior taldea junior mailako jokalariekin indartu behar izan genuelako. Jardunaldi batzuen ondoren, barruko lana fruituak ematen hasi zen. Ez daukagu garaiera asko, baina dudarik gabe kantxan inor baino indar eta gogo gehiago jartzen dugu.

 

Alberto Molina entrenatzaileak esana da oso aukera gutxi dituzuela play-off horietan. Zein da helburua?

Bai, horrela da. Maiatzaren 4an Irunen kontra jokatuko dugu eta irabaziz gero, igandean Bera Bera-ren kontra jokatuko genuke. Biak talde oso onak dira eta denboraldian zehar galdu egin dugu euren kontra. Egia esanda, zaila da irabaztea, baina inoiz ez da itxaropena galdu behar. Dena den, irabazi zein galdu, han egongo gara taldea zoriontzeko. Play-off-a jolastea taldearen garaipen handia da. 2001ean LF2 mailan jokatu genuen eta bost denboralditan hor goian mantendu ginen. Ordutik hona ez dugu aukera askorik eduki eta gaur egun, zazpi denboraldiren ondoren, Tabirako nesken senior taldea berriz goi-goian dago.

 

Alberto Molinak eta Miren Manzisidorrek taldea utziko dute eta omenaldia egin zenieten joan zen asteburuan.

Albertok betidanik Tabirakon entrenatu du. Klubaren baloreak eta filosofia oso ondo transmititu dizkie bere jokalariei, berak oso barruan baititu. Orain Bartzelonara bizitzen doa eta zoritxarrez entrenatzaile ona eta pertsona ezin hobea galduko dugu. Hemendik aurrera Tabirakozale bat Katalunian edukiko dugu eta harremanetan jarraituko dugu, noski. Noizbait Durangora bueltatzen bada, klubak beso-zabalik hartuko du. Mirenek bere bizitza osoan Tabirakon jokatu du. Urte batzuk daramatza seniorren taldeko erreferente bat izaten eta esfortzuaren eredu bat da jokalari gazteentzat. Nahiz eta belauneko arazoak eduki, kantxan dena eman du. Jokatzen ez dugu gehiago ikusiko, baina klubaren inguruan ibiliko da.

 

\"\"Alberto Molinaren ordez zein entrenatzaile ekarriko duzue?

Oraindik ez gaude izen bat emateko moduan, baina bagabiltza lanean eta elkarrizketan. Argi daukagu klubeko entrenatzaile bat nahi dugula, hau da, Tabirakon hezitako bat. Horren bila gabiltza. Gizonen talde nagusian, seguruenik, Tomas de Castrok jarraituko du. Zalantza bakarra bere lanari lotuta dago. Berak jarraitzeko ilusioa du eta Tabirako berarekin oso pozik dago.

 

Gizonen talde nagusiaren denboraldia zelan baloratzen duzue?

Nire ustez, mutilek ere denboraldi ona egin dute. Taularen erdian gelditzea ez da erreza izaten. Goi-goian ez egotea, ez da porrot baten moduan ikusi behar. Urte hau trantsizio bezala ikusi behar dugu. Talde gaztea da eta denboraldian zehar lesio asko egon dira. Azkenengo urteetan jokalari beterano batzuek saskibaloia utzi dute eta aurten beheko taldetik belaunaldi berria heldu da. Denbora behar dute goiko mailan finkatzeko. Alde horretatik, gelditzen diren jokalari beteranoei eskerrak eman behar dizkiegu gazteekin egin duten lanagatik.

 

Lehen Erregional Bereziko taldeari buruz zer iritzi duzu? Ibilbide gorabeheratsua izan dute.

Ez dago munduan talde bat denboraldi osoan zehar erregulartasun erabatekoa mantentzen duenik. Denboraldia luzea da, jokalariak pertsonak dira eta normala da gorabehera batzuk egotea. Kasu honetan formazioko talde bat da eta beste helburu batzuen artean,  junior jokalariak trebatzea eta prestatzea da helburua. Oso lan ona egin du Pablo entrenatzaileak eta asteburuko emaitzarekin F4a jolastuko dute.

 

Zelan ikusten duzu Tabirakoren harrobia?

Nesken arloan ez daukagu arazorik, urtero eskolako taldeetatik jokalari gehiago heltzen zaizkigulako talde federatuak osatzeko. Mutilen arloan, aldiz, epe motzera begira ez dago arazorik baina epe ertainera egoera arduratzekoa da. Azkeneko urteetan eskolek arazoak dituzte mutilen taldeak ateratzeko eta hemendik hiru-lau urtera arazo larrian egon ahal gara goiko mailetan mutilen taldeak osatzeko.

 

Zein da horren arrazoia? Eta non egon daiteke irtenbidea?

Alde batetik futbolak duen indarra dago eta, bestetik, eskola batzuetan ez diotela mutilen saskibaloiari hainbeste garrantzirik ematen. Mutilak futbolera bideratzen dituzte eta neskak saskibaloira. Hori akats nabarmena da. Futbolak ezin du hainbeste mutil  beretzat hartu, saskibaloia desagertzeko arriskuan utziz. Denboraldi honetan, adibidez, ezin izan dugu mutilen preminibasket taldea atera. Kluba irtenbide bila dabil. Era bakarra klubaren eta eskolen arteko lana hurbilagoa eta estuagoa izatea da. Eskoletan egiten den lana guztiz oinarrizkoa da Tabirakoren etorkizunerako.

 

Zuzendaritzak zelan bizi du klubaren gaurkotasuna?

Tabirakoren atzetik bi mila pertsona inguru daude, jokalari, entrenatzaile, bazkide, babesle, famili eta zaleen artean. Zuzendaritza kluba kudeatzeko dago eta baita erabakiak hartzeko ere. Ulergarria da erabaki batzuekin norbait ados ez egotea. Guri ere batzutan bihotzak gauza bat esaten digu eta klubeko beharrak beste bat, eta argi dago nondik jo behar dugun. Normalean kirol arloa kudeatzea pertsonak kudeatzea baino askoz errazagoa da. Pertsona horiei jakinarazi nahi diet zuzendaritzak beti klubaren interesak zaintzen dituela. Ezin diogu talde, entrenatzaile edo-eta jokalari bati bakarrik begiratu, baizik eta klubari bere osotasunean begiratu behar diogu. Hori da gure funtzioa eta segurtatu nezake zuzendaritzako kideak lan itzela egiten ari direla. Hemendik nire eskerrik beroena zuzendaritzako kide guztiei eta  gure kirol zuzendariari ere bai, jakina.

 

Udako eskola ere gerturatzen ari da apurka-apurka.

Urtero bezala ilusio handiarekin itxaroten diogu udako eskolari. Guretzat hainbeste ume Tabirakoren kamisetagaz jantzita ikustea oso atsegina da. Kontuan hartu behar dugu ume batzuentzat Tabirakorekin lehenengo kontaktua dela eta horregatik udako eskolako oroimen berezia izan dezaten saiatzen gara. Entrenatzaile guztiak Tabirakoko jokalariak edo entrenatzaileak dira, eta hori ere garrantzitsua da klubeko baloreen isla izango delako. Aurtengo kirol arduradunak Matxalen Manzisidor eta Leire Moreno izango dira, beti ere zuzendaritzak lagunduta eta babestuta. Udaeskola ekainaren 24tik uztailak 5era izango da (asteburuak kenduta). Gure webgunean  (www.tabirako.com) informazio guztia dago. E-mail bat dugu informazio gehiago gura duenarentzat: tabirako@gmail.com. Umeak udako oporretan daudenez eta eguna oso luzea denez, saskibaloiaz gainera, beste ekintza batzuk sartzen ditugu: tenisa, rokodromoan eskalatzea, atletismoa, igerilekuetara joatea, Durangoko bisita turistikoa egitea… Aurten, nobedade bat daukagu, baina sorpresa izatea nahi dugu. Bestalde, azken eguneko jaia mantendu egingo dugu familia guztiekin elkartzea oso atsegina delako, bai umeentzat eta bai guretzat.

 

Zein da klubaren egoera ekonomikoa?

Kluba ez dago arriskuan egoera ekonomikoari begira, baina krisi garaian gaude eta enpresa edo etxe guztietan bezala, gerrikoa estutu egin behar izan dugu. Babesle batzuk erori egin zaizkigu euren egoera ekonomikoa ez zelako egokiena, eta guztiz ulergarria da. Klubean murrizketa batzuk egin ditugu oinarrizko gastuak arriskuan ez ipintzeko. Gainera munduko diruzain onenetarikoa daukagu, Fede Mendizabal, eta horrek, niri pertsonalki, izugarrizko lasaitasuna ematen dit. Hemendik eskerrak eman gura dizkiet Cafés Baque, Durangoko Udala, Durango Kirolak, Simply eta Sukia Eraikuntzak gure babeslei. Jakin badakigu euren babesa inoiz baina zailagoa dela, horregatik biziki estimatzen dugu euren laguntza.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!