"Feminismoak balio dit edozein gai beste era batera begiratzeko"

Anboto 2013ko api. 29a, 08:31

Platerueneko Bertsozale Eskola zabalduko du Uxue Alberdik, maiatzaren 9an. Feminismotik jardungo du

Platerueneko Bertsozale Eskola zabalduko du Uxue Alberdik, maiatzaren 9an. Feminismotik jardungo du.

 

Zergatik, noiztik, begiratu bertsolaritza faminismotik?

Gai hau nahiko berria da bertsolaritzan: Maialen Lujanbiok 2005ean eskaini zuen bere esperientziari buruzko berbaldia. Etiketa hori ipini ez bazion ere, edukia guztiz feminista izan zen. Askorentzako errebelatzailea izan zen hitzaldi hori, eta ordutik gu ere hasi ginen feminismoan janzten, nola jokatzen dugun ulertzen, eta praktikoki eta teorikoki ere ikasten genuena bertsolaritzan aplikatzen: emakume eta feminista bezala nola k\"\"antatu nahi genuen erabakitzen.

 

Zer jaso zenuten hitzaldi hartatik? Zergatik izan zen mugarri?

Nik uste mugarria izan zela, Maialenek hitzetan jarri zuelako gu aspalditik sentitzen ari ginena. Mugarria da, kontzientzia hartzea ez zarela neutroa, inor ez dela neutroa, gure sexuaren arabera kargatuta daukagula generoaren motxila, eta horrek bizitzan eta bertsotan eragiten digula. Emakumeok ez gara bertsolaritzaren jardunak eskatzen dituen hainbat gaitasun garatzeko trebatuak izan: zentroa izateko ez gaituzte hezi, ezta arriskatzeko ere, hanka sartzeko, edota gure iritzia azken muturreraino mantentzeko... Emakume askori bereziki kostatzen zaizkigun berezko ezaugarriak dauzka bertsolaritzak.

 

Gai horiei buruzko gogoetak konpartitzeko, Plateruenekoa bezalako berbaldiak eskaini dituzue azkenaldian.

Bai, eta tailerretan parte hartu ere bai. Orain 10 urte, inork ez zuen honetaz berbarik egiten; orain ahotan darabilgu, behintzat. Izan ere, 2003an bildu ziren bertsotan eta bertsoaren inguruan zebiltzan emakumeak lehenbiziko aldiz. Beraiek euren nortasunari egozten zizkieten zenbait ezaugarri eraikuntza sozialaren ondorio zirela konturatu ziren: ez direla kasualitatea.

 

Zer eskaini dizu zuri begirada feminista horrek?

20-22 urterekin hasi nintzen kontzientzia feminista hartzen, eta aurkikuntza izan da niretzat: nire burua, bertsolaritza, bertsotan sentitzen dudana, eta mundua ulertzeko era. Feminismoak tresnak ematen dizkizu generoa deseraikitzeko, eta saiatzeko inertzietatik kanpo kantatzeko. Bertsolari bakoitzak pentsatu behar du nola kokatzen den, esaterako, sexuaren, harremanen, egoera politikoaren aurrean. Feminismoak eman dit talaia bat gauzei ertzetik, ezkerretik, modu sortzailean begiratzeko. Balio dit gai guztiei beste era batean begiratzeko.

 

Zein da hitzaldian transmititu gura duzuen ideia nagusia?

Gure asmoa ez da inor epaitzea, gu lagundu gaituen teoria bat eta tresna batzuk plazaratzea baizik. Ideia nagusia da, ez dezagula pentsatu neutroak garenik; bertsolaritza ez da neutroa, bertsolariak ez gara neutroak, ezta entzuleak, epaileak, edo gaiak ere.Emakume eta gizonak oso modu desberdinean jarduten dugu, oso modu desberdinean epaitzen dugu gizon bat edo emakume bat, oso rol desberdinak espero ditugu gaietan... Hori dena feminismoaren tresnekin saiatzen gara ulertzen, eta deseroso sentiarazten gaituen hori aldatzen.

 

Zelakoa izango da berbaldia?

Teorikoa da, baina mami guztia anekdotekin eta adibide praktikoekin, gertatutako gauzekin azaltzen saiatzen gara. Anekdota asko oso graziosoak dira, eta jendeak barre asko egiten du hitzaldietan. Amaieran, iritziak trukatzeko aukera ematen dugu beti.

 

Esaterako, zelako egoerak kontatzen dituzue berbaldian?

Hizkuntza ez dela neutroa esaten dugu, esaterako, eta hori anekdota batekin azaldu: Jon Maia eta biok geunden bertso afari batean, eta maleta handi bat atera ziguten txapel, peluka eta hainbat objekturekin. Momentu batean bibradore bat atera genuen maletatik: hasi ginen bibradoreari, zakilari buruz kantatzen. Oso erraz ari ginen, eta jendea barrez: oso ondo hartzen baitugu denok zakilaren inguruko umorea. Oso ohituta gaude. Une batean, baina, “egongo gara askatasunean zakilaz adina txiste aluaz egiten ditugunean” kantatu nuen, eta publiko guztia isildu egin zen, aulkietan deseroso mugitzen hasi ziren. Saioa amaitzean, Jon Maiak berak esan zidan: “25 urte daramatzat plazetan, eta hau izan da ‘alua’ esan dudan lehenengo aldia”. Horrek ikustarazten du errealitate osoa: gizonen sexualitateaz eta desiraz etengabe kantatzen da; emakumeen desira beti da objektua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!