Durangoko lehen herri krosa antolatu du gaurko Mugarra triatloi taldeak

Anboto 2013ko api. 21a, 08:00

Arineketan eta patinetan parte hartuko dute 5 edo 10 kilometroko ibilbideetan

Arineketan eta patinetan parte hartuko dute 5 edo 10 kilometroko ibilbideetan.

 

Hainbat herritako herri krosetara joaten dira Mugarra triatloi taldeko kideak. Batean eta bestean ibili bai, baina Durangon bertan horrelako lasterketarik ez zegoela-eta, krosa antolatzea erabaki dute. Serafin Bereziartua Mugarrako presidenteak azaldu duenez, “Durangaldean arineketan jende asko ibiltzen da, eta guztiei egin diegu parte hartzeko deia”.

 

Durangon barrena 5.000 metroko zirkuitua antolatu du Mugarra Triatloi Taldeak, eta buelta bi eginda, 10.000 metroko krosa egiteko aukera egongo da. Ibilbide luzea gainera, Espainiako atletismo federazioak homologatu du, eta patinetan egiteko aukera ere izango da: “Patinetan ibiltzen diren elkarte bateko kideek proposatu digute, eta Behobian-eta egiten duten moduan, gu ere animatu gara”.

 

Eguen iluntzean amaitu da lasterketan izena emateko epea, eta krosean parte hartzeko 250 lagun inguruk eman dute izena. Tartean izango dira Mugarra eskolako gaztetxo guztiak. Izan ere, gaztetxoek ere parte hartu dezakete krosean: 12 urtetik gorakoek 5.000 metrokoan, eta 10.000 metrokoan 14 urtetik gorakoek.

 

Ibilbidea

Lasterketarako dorsalak 09:00etatik 10:30era hartu ahal izango dira, karrerako hasiera lekuan; Ezkurdiko kioskoan. Patinetan egingo den lasterketa –10.000 metrokoa– 10:30ean hasiko da, eta arineketan, berriz, 11:00etan irtengo dute, ibilbide laburrekoek eta luzekoek batera.

 

Behin edo birritan egin ahal izango den zirkuitua Ezkurdin hasiko da. Handik Madalenara joko dute, eta gero, Landako Etorbidera. Ezkerretara hartu eta bidegorrira joango dira, eta handik, atletismoko pistara. Landako Etorbidean beherantza egin, eta Alluitz kaletik Askatasun Etorbidera joko dute, eta handik Ezkurdira, zirkuitu hasierara bueltatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!