'No name tour' birak geldialdia egingo du, gaur, Plateruenean

Anboto 2013ko api. 19a, 13:05

Kontrakantxa taldeak lagunduta jardungo du, Fermin Muguruzak, gaurkoan

Kontrakantxa taldeak lagunduta jardungo du, Fermin Muguruzak, gaurkoan.

 

Fermin Muguruza musikara hurreratu zela hiru hamarkada bete direla ospatzeko antolaturiko kontzertuen bira da No Name Tour. Durangoko Plateruenean geldialdia egingo du gaur, 21:30ean hasita. Fermin Muguruza eta bera laguntzen duen Kontrakantxa taldea, eta Zuloak ariko dira gaur gaueko Platerueneko hitzorduan.

 

Kortatu edo Negu Gorriak taldeekin zein 1999tik bakarka egindako ibilbidearen erakusle izango da Durangoko Platerueneko gaurko kontzertua ere. Martxoan, Kurdistango musika jaialdi batean erakutsi zuen Muguruzak Kontrakantxa taldeagaz elkarlanean sortu duen ikuskizun berria. Ondarroako kafe antzokian abiatu zuten apirileko programazioa, eta Ramallahn jo eta astebetera datoz, Durangaldera.

 

Nazioarteko ekimena da No name tour, Fermin Muguruzak azken urteetan musikaren bitartez munduan zehar egin duen ibilbidearen isla. Mundu osoan eskainiko dituzte kontzertuak datozen lau hilabeteetan: abuztuan, esaterako, Sydneyn eta Londresen izango dira, eta ekainean, Ipar Ameriketan zein Europako hainbat hiriburutan.

 

Irungo musikariak zuzenduriko Zuloak fikziozko dokumentalerako sortutako izen bereko taldeak zabalduko du Platerueneko gaurko emanaldia.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!