"Asko gustatuko litzaidake bidaia programa batean lan egitea"

Anboto 2013ko api. 22a, 08:32

Otsailean hasi zuten bidaia. Beste hiru gaztegaz batera, Europako hainbat hiri bisitatu ditu Irati Alkortak, eta orain, lau barikutan emango dute ETB1en euren esperientzia, \'Txapela buruan\'saioan

Otsailean hasi zuten bidaia. Beste hiru gaztegaz batera, Europako hainbat hiri bisitatu ditu Irati Alkortak, eta orain, lau barikutan emango dute ETB1en euren esperientzia, \'Txapela buruan\' saioan.

 

Hasieran ezezagun, eta azkenerako lagun bihurtu zarete bidai- kideak?

Bai, azkenean hamabost egun oso intentsuak izan dira. Eta ez gu laurontzako bakarrik, ekoiztetxeko langileekin ere harreman handia egin dugu. Gu laurok eta beste lau pertsona joan gara, eta denok batera ibiltzean, familia lako bat sortu dugu.

 

Eta kamararekin aurrera eta atzera ibiltzearena, zelan eroan duzu?

Hasieran apur bat lotsatuta, baina azken egunetan jada, konturatu ere ez han dagoenik. Eduki dugu gure espazioa ere, e? Gauzak grabatu ditugu, bai, baina denok batera egoteko momentuak ere eduki ditugu. Ni behintzat, gustura egon naiz, lasai, eta asko disfrutu dut. Amaieran, bueltatzeko penagaz. Agurra oso emozionantea izan zen.

 

Lau bidaiariok gida-lana txandakatu duzue. Zer moduz lan horretan?

Ni azkena izan nintzen, eta ondo. Ia entrenatuta moduan, besteek zelan egin zuten ikusita. Bidaiako geralekuak erabakita zeuden, baina guk erabaki genuen bertan zer ikusi. Niri Budapest, Bern eta Lausanne tokatu zitzaizkidan, eta joan aurretik, informazioa bilatu nuen etxean, hango euskaldunekin harremanetan ipini nintzen...

 

Kanpoan bizi diren euskaldunekin harremanetan ipini zarete ia hiri guztietan...

Bai, eta oso aberasgarria izan da. Polonian, adibidez, euskara ikasten zebiltzan poloniar batzuekin egon ginen. Ikurrin eta guzti etorri ziren gure bila... Nik, hasieran, ez nekien poloniarrak zirenik, eta euskaraz oso oso ondo hitz egiten zuten! Filologia edo itzulpengintza edo halako karrera batean euskara aukeratu zuten, eta hona Erasmusean etorritakoak ziren. Oso emozionantea izan zen.

 

Zer hiri gustatu zaizu gehien?

Bakoitzak bere xarma dauka, baina gehien gustatu zaidana agian Berna da. Hango bizimodu estiloagatik edo... Dena polita, garbi-garbi, ondo zainduta... Pentsatu nuen: honek bai bizi direla ondo! Gainera atez ateko zabor bilketa daukate, eta zakarretarako poltsetan ere Berna jartzen zuen, marrazki bategaz... Zaborrena ere oso txukun zeukaten ipinita.

 

Zer moduzkoa da trena bidaiatzeko?

Jende guztiari gomendatuko nioke Interrailean joatea. Ez dauka zertan ibilbide luzea izan. Bertan lo egin dezakezu, tren asko hartu ditzakezu prezio ez oso altuan... Bidaiatzeko beste modu bat da, eta jende asko ezagutzen duzu, asko gauza bera egiten dabiltzalako; normalean, jendea oso jatorra izaten delako.

 

Tren ordutegiek mugatuta, denbora falta igarri duzu?

Nahiko bidaia espresa izan da, baina beno, uste dut gauza esanguratsuenak ikusi ditugula. Gainera, han bizi diren euskaldunek erakutsi dizkiguten gauza asko, turista joanda, ez genituzke ikusiko.

 

Lekuren batera bueltatzeko gogoz geratu zara?

Berlinera, beharbada. Gaueko hango giroa ikusi gurako nuke. Ez genuen aukera handirik eduki. Giro mota asko daude: taberna lasaiak, edo ez... Toki kuriosoak daude, eta gustatu zitzaidan. Arkitektonikoki, hiria ez da oso polita, baina giroa gustatu zitzaidan.

 

Zuen artean ika-mika asko izan dituzue?

Azkenean, hamabost egunean beti dago zer edo zer, baina hori beti egoten da, lagunekin ere bai. Hasieran, agian ez hainbeste, baina azkenean, konfiantza sortzen denean, beste gauza batzuk soltatzen dituzu, hasieran isilduko zenituzkeenak.

 

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten zabiltza. Zelan bizi izan duzu telebistaren mundua?

Oso aberasgarria izan da ikustea zelan funtzionatzen duen horrelako programa batek, kamaren kontua, produktoreak izaten duen lana... Ikasketez aparte, beti interesatu izan zait zelan egiten duten jakitea, eta gainera, ikasitako gauza batzuk ere ikusi ditut. Bidaia programak beti gustatu izan zaizkit, eta beti pentsatu izan dut gustatuko litzaidakeela horrelako programa batean lan egitea, lan talde horietako baten kide izatea... .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!