Ehun txirrindulari gazte inguru batuko ditu gaur lasterketak Durangon

Anboto 2013ko api. 20a, 09:26

Berriz, Garai, Iurreta eta Durangoko kaleetatik antolatutako zirkuituari hiru itzuli emango dizkiote

Berriz, Garai, Iurreta eta Durangoko kaleetatik antolatutako zirkuituari hiru itzuli emango dizkiote.

 

Joan zen asteburuan Otxandioko kaleak txirrindulari gaztez bete baziren —kadete mailako Andikona Sarian—, gaur, Durango eta bere inguruek hartuko dute erreleboa, gazte mailako Tabira Sariagaz. Euskal Herri osotik etorritako 100 txirrindulari (mutilak zein neskak) batuko dira 16:00etan, Ezkurdiko irteera puntuan. Durangoko Txirrindulari Elkarteak antolatu du lasterketa.

 

Beste Alde Orue Eskolako eta Bizkaia-Durango taldeetako hainbat txirrindularik parte hartuko dute lasterketan. Irabazteko faboritoen artean Beste Alde Orue Eskolako Adrian Sainz durangarra eta Aritz Hernandez berriztarra daude. Hernandezek laugarren amaitu zuen joan zen asteburuan Deban lehiatu zen lasterketan, eta sasoi betean dago.

 

Ziklo krosean eta pistan ere aritzen da Hernandez. Gaur egun, bera da pistako Bizkaiko txapelduna gazteetan. Eskualdeko txirrindulari biek Julen Amarika mungiarra izango dute arerio nagusia. Bizkaia-Durangoko seniorrek, aldiz, Flecha-Valona klasika lehiatu zuten eguaztenean, eta han parte hartu ez zuten hainbat txirrindularik parte hartuko dute Durangokoan.

 

Ibilbideari dagokionez, Ezkurditik abiatu ondoren, Miota igoko dute Berrizko aldetik, eta handik, Goiurira eta Garaira joango dira. Traña-Matiena eta Iurretatik (gasolindegitik sartuta) bueltan, Ermodo kaletik sartuko dira Durangon. Zirkuitu horri hiru itzuli emango dizkiote.

 

Lasterketak gonbidatu berezi bat izango du: Cofidis taldeko Egoitz Garcia txirrindulari profesionala. Aurten maila handian dabilen atxondarrak hasiera emango dio lasterkatari eta, ondoren, Durangoko taldeko autoan bertatik bertara jarraituko du lasterketa osoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!