Berbarako lau gai berrigaz dator Platerueneko DF Bertsozale Eskola

Anboto 2013ko api. 23a, 09:07

Bertsolaritza eta feminismoa lotuz Uxue Alberdi bertsolariak eskainiko duen berbaldiagaz abiatuko dute, maiatzaren 9an, Platerueneko Bertsozale Eskola

Bertsolaritza eta feminismoa lotuz Uxue Alberdi bertsolariak eskainiko duen berbaldiagaz abiatuko dute, maiatzaren 9an, Platerueneko Bertsozale Eskola.

 

Begirada feminista bat saioagaz abiatuko dute Durangoko Platerueneko DF Bertsozale Eskolaren aurtengo edizioa. Interesa duenak Platerueneko barran edo erika@plateruena.net  helbidera idatzita eman dezake izena, maiatzaren 9 baino lehen. Hain zuzen, maiatzaren 9an izango da aipaturiko Uxue Alberdiren lehenengo berbaldia, baina beste hiru ere jasotzen ditu 2013ko DF Bertsozale Eskolaren programazioak.

 

Eguenetan, 19:30ean izango dira lau hitzorduak: bertsolariaren begietatik ez ezik, gai jartzailearenetatik ere aztertuko dute bertsolaritza Platerueneko lau hitzordu horietan. Puntako hiru bertsolari eta gai jartzaile bat gonbidatu dituzte. Julio Soto nafarrak bertsolariaren ahotik jardungo du, bigarren saioan: Zer dago jendeak ikusten duenaren atzean? galderari erantzungo dio.

 

Doinuaz eta kantaeraz jardungo du, bestalde, maiatzaren 23an, Jon Maia bertsolari zumaiarrak. Unai Elizasuk eskainiko duen Izan gai (-jartzaile) berbaldiagaz itxiko dute aurtengo berbaldi sorta.

 

Begirada zabala

Bosgarren edizioa beteko du Platerueneko DF Bertsozale Eskolak aurten. Bertsolaritzari begiratu zabala emateko programazioa eskaini izan dute lau urteotan Durangoko kafe antzokian: kantuan hamarkadak eman dituzten esperientzia zabaleko bertsolariak, bertsolaritzari beste arte diziplina batzuetatik begiratzen dioten lagunak, gai-jartzaileak, epaileak, txapelketaren jarraipena egiten duten kazetariak, etab. ari izan dira DF Bertsozalen eskolak ematen. Aurreko saioetan parte hartu izan duten bertsozaleek, gainera, bertso trama bat sortzeko eta ondoren euren gaiak bertsolarien ahotan entzuteko aukera ere izan dute, esaterako.

 

Bertsogintzaren inguruko dibulgazioa egiteko helburuz antolatu dute hiru aste barru hasiko den DF Bertsozale Eskolaren bosgarren edizioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!