Unerik erabakigarrienean denboraldiko partidurik txarrena jokatu dute

Anboto 2013ko api. 16a, 10:40

Ohorezko B mailari eusteko promozio partiduan 8-32 galdu dute Helvetia taldearen aurka. Itzuliko neurketa hilaren 27an jokatuko dute Sevillan.

Ohorezko B mailari eusteko promozio partiduan 8-32 galdu dute Helvetia taldearen aurka. Itzuliko neurketa hilaren 27an jokatuko dute Sevillan.

 

Durango Ilarduya gizonen talde nagusiari aldapa gora ipini zaio mailari eusteko aurreneko kanporaketa. Domekan 8-32 galdu zuen Arripausuetan Sevillako Helvetia taldearen aurka. Joan Manuel Iriondo klubeko presidentearen esanetan “denboraldiko partidurik txarrena jokatu genuen”. Taldeari zehaztasuna falta izan zitzaion pasean eta adorea plakajeak egiterako orduan: “Helvetia ez zitzaigun talde lar ona iruditu, baina  gu negargarri aritu ginen, ez zitzaigun ezer irten”. Beharbada horixe da txarrena: Helvetiak beste munduko ezer egin barik erraz irabazi zuela partidua.

 

Itzuliko partidua apirilaren 27an jokatuko dute Sevillan. Partiduaren egunean bertan joaten saiatuko dira: autobusez Madrilera eta handik trenez Sevillara. Bueltakoari begira itxaropentsu doazela dio Iriondok: “Jokatzera goaz eta gogo biziz saiatuko gara”, adierazi du. Gogoratu beharra dago kanporaketa hau galduz gero, oraindik beste azken aukera bat izango luketela Nazional mailako (maila bat beherago) talde baten aurka.

 

 

Estruktura aldaketen gaineko zurrumurruak

 

Sevillako Helvetia taldeko presidentea Espainiako Rugby Federazioko organigraman dago eta badaki zer egosten ari den maiatzaren amaierako kongresuari begira. Oraindik zurrumurruak bakarrik dira, baina DRTko ordezkariei azaldu dioenez, federazioak Ohorezko B maila eta Nazional mailak fusionatzeko asmoa ei du; maila denen artean bat eta bakarra sortuko lukete. Hori gertatuko balitz, Durango Ilarduya ez litzateke jaitsiko, maila berri horretako talde bat bihurtuko litzateke. Dena dela, karta denak mahai gainean ikusteko kongresura arte itxaron beharra dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!