"Oso eroso sentitu izan naiz beti jendearen aitzinean: zuzenean"

Anboto 2013ko api. 10a, 08:24

Durangoko Plateruenean joko du Anje Duhalde lapurtarrak, 22:30ean, barikuan, apirilaren12an. Berrogei urteko musika ibilbideko kantak eskainiko ditu: iaz, \'Ibilean\' diskoan kaleratu zituenak. Etxek jardungo du aurretik

Durangoko Plateruenean joko du Anje Duhalde lapurtarrak, 22:30ean, barikuan, apirilaren 12an. Berrogei urteko musika ibilbideko kantak eskainiko ditu: iaz, \'Ibilean\' diskoan kaleratu zituenak. Etxek jardungo du aurretik.

 

Zer prestatu duzue Platerueneko barikuko kontzerturako?

Iaz kaleratu nuen Ibilean disko berriko kantak gabiltza kontzertuetan eskaintzen. Disko horretan oinarritzen gara, baina, errepertorioa moldatu egiten dugu: “zaharberrituriko” hainbat kanta joko ditugu Durangon ere. Ene bizitzan ehundik gora kanta grabatu ditut, eta horietatik oso gutxi eskaini ditut zuzenean: hori guztia berrikusten ari naiz.

 

Zer ikuspuntutik zaharberritu dituzue kantak?

Batetik, moldaketei dagoekienean dago berritasuna, eta bestetik, kantei beste interpretazio molde bat ere eman diegu: kanta batzuk oso akustiko grabatu genituen, eta horiek molde elektrikoagoan joko ditugu. Dena aldatzen du horrek. \'Ibilian\' zuzeneko bat grabatuta egin duzun laugarren diskoa da.

 

Zergatik duzu formatu hori hain gustuko?

Ez naiz oso eroso sentitzen estudio batean, baina derrigor pasatu behar da hortik. Oso eroso sentitu izan naiz beti jendearen aitzinean, zuzenean. Horixe da beste kantariengan gustatzen zaidana: zuzeneko disko batean agertzen da kantariaren bizitasuna. Jendearen aurrean kantatzea da gure funtzioa. Beti esan izan dut: "Zer nintzateke ni publikoan kantatuko ez banu?".

 

Presio edo urduritasun bereziagaz bizi dira zuzeneko horiek?

Lehenengoan izaten da urduritasun handiena, baina, kontzertu guztiek daukate saihestu ezinezko presio bat: kantariren batek esana da, hori galtzen duzunean arima galdu duzula. Eta arrazoi osoa dauka. Zuk bezala esperientzia zabala edukitzeak ez du urduritasun hori kentzen, beraz. Esperientzia baino gehiago, segurtasuna da. Bestalde, eragin handia dauka une bakoitzean zelan zauden, zer giro sortzen den... Horiek ezin daitezke aurrez menderatu. Horrek eman diezaioke xarma kontzertu bati, edo bilaka dezake "katastrofiko". Aldioro gauza berria da kontzertu bat.

 

Ez da Platerueneko zure lehenen aldia. Zer oroitzapen daukazu aurreko kontzertuez?

Hiruzpalau aldiz eskaini dut kontzertua Plateruenean. Azkena, aurreko Korrika Kulturalaren barruan egin genuela uste dut... Eta oso oroitzapen polita daukat: giro ona sortu zen. Espero dut barikuan ere horrela izatea!

 

Egongo dira kanta batzuk jo barik ezin zarena joan, ezta?

Bai, badira kanta batzuk: ez baditut jotzen "moskeatu" egiten da jendea! (barrez).

 

Kanta horiekiko nekerik?

Batzuk gorroto ditut! (barrez). Baina egia da jendearen aurrean hori guztia ahazten duzula: ez naiz sekula akonplexatua izan kanta bat eskatu didatelako. Etxera natorrenean edo entseguetan esaten dut: "Gorroto dut kanta hau!".

 

40 urteko perspektibatik, zelan ikusten duzu gure eszena?

Teknika, baldintza eta egitura aldetik, asko hobetu dira gauzak. Egoera sozialari lotuta, kultura da lehena beti krisiaren ondorioak pagatzen. Gure agintari politikoek hala ikusten ez duten arren, hain justu, kultura da behar duguna.

 

 


 John Hiatt musikariaren bertsio bi ere egingo ditu

 

\"\"John Hiatt musikariaren kanta biren bertsioak ere jaso ditu Anje Duhaldek Ibilean diskoan. Hari buruz ere egin digu berba: "Kantautore amerikar oso ona da, bai doinuei bai letrei dagokienez. Azken urte eta erdi honetan bi aldiz entzun dut zuzenean, eta oso gogoko dut. Gertatzen dena da, hemen, Bruce Springsteen ezagutzen dugula eta John Hiatt ez. Nire poza izango litzateke bertsio horien bitartez jendeari John Hiatt ezagutaraztea: jakinmina piztea", azpimarratu du Anje Duhaldek.

 

Musika sorkuntzan zein momentutan dagoen galdetuta, "izan ditut une oparoagoak", erantzun digu: "Gauzak egin, egin, eta egin, eta momentu batean konturatzen zara hori aurretik ere eginda zeneukala". Hala ere, "saiatzen" dabil Anje Duhalde beti: "Zerbait egin nahiez": euskarri berriei dagokienez gogoetan, zalantzan.. Zerbait adierazi gura duenean heltzen dio gitarrari, eta sortzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!