Promozioa jokatuko du DRTk, maiatzeko kongresuaren atarian

Anboto 2013ko api. 5a, 11:13

Maiatz amaieran Madrilen egingo den kongresuak goitik behera aldatu dezake errugbi ligen egitura

Maiatz amaieran Madrilen egingo den kongresuak goitik behera aldatu dezake errugbi ligen egitura.

 

Denboraldi osoan partidu bakarra irabazita, Durango Ilarduyak jaitsiera promozioa jokatu beharko du Ohorezko B mailari eusteko. Maila bereko beste multzoan talde batek liga utzi duenez, Ilarduyak ez du aurkaririk une honetan. Espainiako federazioak erabaki beharko du zer egin. Hala ere, federazioak baditu hori baino buruhauste handiagoak. Estatu mailako errugbiaren egitura hankaz gora ipini dezake maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean Madrilen egingo duten kongresuak. Krisiak eta taldeek gastuei aurre egiteko dituzten arazoek ezinbesteko egiten dute egitura berri bat. Erabaki batzuk datorren denboraldian bertan sartu daitezke indarrean.

 

Maiatz amaierako kongresura Ohorezko mailako eta Ohorezko B mailako taldeetako ordezkariak daude deituta. Handik irtendako proposamenak Espainiako Errugbi Federazioko batzar orokorrak berretsi beharko ditu ondoren. Aurretik idatziz euren proposamenak bidaltzeko eskatu die federazioak talde denei. Durango Rugby Taldeak argi du bere proposamena. Estatu mailan liga nagusi bakarra (Ohorezko maila) proposatuko du, eta autonomiaz autonomiako liga indartsuak. Beraz, proposamen horren arabera, Estatu mailako Ohorezko B maila eta nazional mailak desagertu egingo lirateke, tokian tokiko ligak indartzeko; Euskal Herriaren kasuan, Euskal Liga sendo bat aurreikusten da.

 

Euskal Marka

Taldeen egiturari dagokionez, badira pare bat urte Bizkaiko zein Gipuzkoako hainbat klub talde unifikatuak sortzeko lanean dabiltzala. Euskadiko errugbi federazioak esan diete Jaurlaritza eta Aldundia euskal marka bat sortzeko babesa emateko prest daudela. Asmo horrek aurrera egingo balu, Bizkaian eta Gipuzkoan talde indartsu bana sortzea izango litzakete plana. Talde horiek lurralde bakoitzeko jokalaririk onenek osatuko lituzkete eta talde bi horiek izango lirateke, euskal ordezkariak Espainiako Ohorezko mailan. Kongresuan "eztabaidak" egongo direla dio Juan Manuel Iriondo DRTko presidenteak, baina "irailerako erabaki inportanteak irtengo dira".

 

Harrobia eta beheko taldeak sendo daude

Gaur egun, 60 gaztetxo ditu Sukia errugbi eskolak Durango Rugby Taldeak ezinbestekoa du harrobi sendo bat etorkizunari aurre egiteko. Gaur egun, 60 gaztetxoetik gora dituzte 12 urtera arteko hiru mailetan. Sukia errugbi eskola 20 gaztetxogaz hasi zela kontuan hartuta, urte gutxian hirukoiztu egin dute kopurua. Horrez gainera, iaz ezin izan zuten infantilen talderik atera, baina aurten, talde bat sortu dute Elorrio Rugby Taldearen eta DRTren artean. Horri kadeteen eta gazteen taldeak gehituta, behetik gorako egitura osoa bermatua du DRTk. Gainera, jokalarien formaziorako Euskadiko entrenatzaile onenetakoak dituztela dio Iriondok, hain zuzen, Aratz Gallastegi eta Peio Urkidi. Lehenengoa errugbi eskolako arduraduna da (baita kadete mailakoa ere), eta mailaz maila jokalariek jaso beharreko formakuntza zehazten duen estilo liburua prestatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!