Ama-semeak protagonista, XX. Pasiñoan

Anboto 2013ko mar. 21a, 12:50

Ines Asategi eta Egoitz Iraurgi, ama-semeak, izango dira aurten Maria eta Jesusen papera egingo dutenak Pasiñoan. Gertaera berezia, urte berezirako. Izan ere, hogeigarren edizioa beteko du Durangoko Pasiñoak

Ines Asategi eta Egoitz Iraurgi, ama-semeak, izango dira aurten Maria eta Jesusen papera egingo dutenak Pasiñoan. Gertaera berezia, urte berezirako. Izan ere, hogeigarren edizioa beteko du Durangoko Pasiñoak. Datorren eguaztenean, eguenean eta barikuan antzeztuko dute Santa Ana plazan, 21:00etatik aurrera. Eguaztenean aurkezpen publikoa egin zuten azken entseguetatik tarte bat hartuta.

 

Pasiñoa aurten inoiz baino hunkigarriagoa suertatuko zaie Asategi eta Iraurgiri. Euren familiak antzezpen honetan parte hartzeko tradizio handia daukala esan dute; esaterako, beste seme batek ere hainbat paper egin izan ditu: Herodes, Pilatos...  Egoitzek 23 urte dauzka, eta 17 daroatza Pasiñoan parte hartzen. Iaz egon zen lehenengoz Jesusen azalean. Amak, hogei urteren ostean antzeztuko du lehenengoz Mariaren pertsonaia. Entseguetan, bere semea gurutziltzatzen duten eszena izan ei da momentu gogorrena beretzat. Bigarren aldia da ama eta seme bat pertsonaia protagonisten paperean egongo direna.



120 laguneko obra


Juan de Iciar elkarte antolatzaileak Aitziber Irigoras alkateak lagunduta egin du aurkezpena. Belaunaldien erreleboa ematea lortu dutela-eta pozik agertu dira arduradunak. Adierazi dute 120 lagunetik gora egongo direla beharrean obra aurrera ateratzeko. 6 euro balioko du sarrerak, eta dagoeneko salgai daude Santa Anako El Arco tabernan.

 

45.000 euroko aurrekontua dauka Pasiñoak; gehiena argiztapenean eta soinuan inbertitzen dute. Diruz lagundu dituztenei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek, baita udalari ere. Eta, eskerrak bueltan Irigorasek, debaldeko lan boluntarioa azpimarratuz: “Eskerrik beroenak hogei urtetan lan handia egin duzuelako eta jarraitzeko asmoa daukazuelako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!