Gernika eta Durangoko bonbardaketak gogoratzea du erakusketak helburu.
Achim Heinkel eta Roland Ruisz artista alemaniarrek egindako lanak biltzen ditu Bakea bidez bide erakusketak. Martxoaren 31ra arte, Durangoko Ezkurdiko erakusketa aretoan izango da zabalik. Durangoko bonbardaketa oroitzeko egitarauaren barrukoa da erakusketa.
Durangaldeko Artisten Elkarteak gonbidatuta ekarri dituzte Durangora, Achim Heinkel zilargileak eta Roland Ruisz pintoreak, besteak beste, Otxandion edo Durangon zehar bizikletan egindako bidaian sorturiko lanak. Gernika abiapuntutzat hartuta, eta herri horretako Txirrindulari Elkartekoekin, Otxandio, Durango, Eibar, Ermua, Markina eta Elgetan zehar ibili ziren artista alemaniar biak hiru egunez, bizikletan.
Espainiako Gerra Zibilean bonbardatu zituzten herrietan egin zituzten erakusketa honetako marrazkiak: bizikleta etapen atsedenaldietan, hain zuzen. Bakearen Banderako ortzadarraren koloreak eta argazki zaharrak oinarri hartuta, zazpi marrazki egin zituen Ruiszek. Heinkelek, ostera, Bizkaiko herri horietan izan zituen harremanak eta horietatik ateratako ondorioak izan zituen bere artelanaren oinarri: zilarrezko objektuak egin zituen.
Alemaniako Pforzheim hirikoak dira Ruisz eta Heinkel: Gernika-Lumoko hiribilduarekin senidetuta dagoen hirikoak. Gernikan ipini zuten erakusketa lehenengo, eta Durangoko Ezkurdiko aretoan daukagu, martxoaren 31ra arte, ikusgai.