Mugei buruzko gogoeta San Agustinen, gaur, Zilar Astean

Anboto 2013ko mar. 22a, 11:30

\"Bidaia bisual eta sonoroa\"eskainiko du, egileen berbatan, ‘Biutz’ obrak

"Bidaia bisual eta sonoroa" eskainiko du, egileen berbatan,\'Biutz\' obrak.

 

Rouge Elea konpainiak 7 urtetik gorako publikoarentzako egindako lana da Biutz. Durangon, San Agustin kulturgunean izango da gaur, 20:00etan, Zilar Asteko egitarauaren barruko antzerki emanaldi hau ikusteko aukera. ‘Migrazioak’ gaiaren ingurukoa da 2013ko Zilar Astea, eta mugei buruzko gogoeta dakar Rouge Elea taldeak bertara: “Mugak gainditzen dituen bidaia bisual eta sonoroa da Biutz”, diote egileek. Koreografia, bideoa eta musika nahasten dituen ikuskizuna da.

 

Europako eta munduko mugei buruzko gogoeta da sortzaileek antzezlanean egiten dutena: Europa eta Afrika banatzeko Ceutan altxatu zuten mugan, harresi fisiko eta administratibo horretan, oinarritzen da kontakizuna. Europara etorkizun hobe baten bila abiatzen diren afrikarrek topatzen duten harresian.

 

Hain zuzen, hiri horretara bidaia egin zuten 2011n proiektu honetan baturiko lau artistek, eta bakoitzak bere alorrari loturiko materiala batu zuen bertan: hango soinuak ekarri zituen Ander Fernandezek, irudiak David Aguilar eta Pello Gutierrezek, eta gorputz mugimendurako eta eszenografiarako ideiak Corine Cellak eta Laurent Gauthierrek. “Gizakiak bere modukoei ipintzen dizkien mugak apurtzeko ametsez beteta” dakartzate Rouge Elea taldekoek maletak Durangora. Poesiak gidatuko du bidaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!