Zilar Astearen barruko Jam Sessionean joko du Lerman Nieves musikariak Plateruenean, gaur. Durangoko musika eskolako kontrabaxu irakaslea da.
Ez da Platerueneko Jam Session saioan parte hartzen duzun lehenengo aldia, ezta?
Ez, izango dira hiru-lau urte inprobisazio saioetan parte hartzen dudala. Instrumenturen bat jotzen duen jendea parte hartzera gonbidatzen dugu emanaldi horietan: jazzeko estandarren errepertorio nahiko xumea prestatzen dugu, gura duenak parte hartu eta goza dezan.
Zelako emanaldia izango da Zilar Asteko egitarauko gaurkoa?
Latinoagoa izango da, zelanbait: perkusioa ere baliatuta, jazz eta latin doinuak uztartuko ditugu Platerueneko gaurko hitzorduan. Erritmo handiagokoa izango da gaurko emanaldia: seguru entzuleek gogoko izango dutela.
Hasi zinetenetik hona, igartzen da eboluziorik saio hauetan?
Bai, igartzen da gero eta publiko gehiago datorrela Jam Session hauetara. Iaz, perkusio tailerrean jardun zutenek ere parte hartu zuten emanaldian, jendea taula gainera igo zen dantza egitera, eta hori oso betegarria da musikariontzat.
Gonbidatu berezia duzue gaur.
Bai, Omar Acosta nire herrikidea gonbidatu dugu. Musikari nekaezina da. Venezuelan oso musikari ezaguna da: bertako flautistarik onenetarikoa.
Zuen herriko doinuak joko dituzue elkarrekin gaur?
Bai, badaukagu asmoa Venezuelako folkloreko kantak jotzeko. Baina handicap handia daukat: ez daukat cuatro venezuelarrik, eta Venezuelako musika jotzeko behar-beharrezkoa da cuatroa! Lagun bati eskatu diot instrumentua, eta espero dugu hirukotea behar bezala osatzea: baxu, flauta eta cuatrodun formazioa behar da doinuek gure herrialdeko zaporea izateko. Blues eta son kubatar kantu batzuk ere eskaintzeko asmoa daukagu, gainera. Oso irekia da Omar, eta flauta hartzen duenean, ez dago geldituko duenik!
‘Migrazioak’ gaiaren inguruko Zilar Astearen barruan dago gaurko Jam Session saioa.
Oso interesgarria iruditzen zait Zilar Astearen gaia; izan ere, Ruben Bladesen kanta batek dioen moduan, “beti izango dut nire burua emigrantetzat”.
Asko ibili zarete Acosta eta biok munduan zehar.
Bai. Ni nire herriko Los Niños Cantores De Villa De Cura abesbatzean hezitakoa naiz: Venezuelako ume abesbatzarik inportanteena da orain. Munduan beste inon gertatzen ez dena ari da gertatzen Venezuelan: gure orkestra gazteen sistemaren mugimendua bakarra da munduan. Venezuela erdi batu egin du, eta orain munduan zehar dabiltza goi mailako musikari venezolarrak.
Mugimendu horren arrakastaren erakusle zarete.
Oso harro gaude, eta gure bizilekura ere mugimendu hori helarazten saiatzen gara. Finean, musika bizitzeko beste era bat da: kontsumismo txikiago eta pasio handiagoduna. Familia behartsuei, Caracasko auzo pobreetan bizi diren umeei dago zuzenduta orkestra gazteen mugimendua: umetatik Lehen Hezkuntza eta instrumentuaren ikaskuntza uztartzen dituen hezkuntza sistema da.
Durangoko Musika Eskolan flauta flamenko tailerra emango du Acostak
Platerueneko gaurko emanaldian jo eta gero, Durangoko Musika Eskolako irakasle eta ikasleekin elkartuko da Omar Acosta musika eskolan, bihar. Flauta flamenko tailerra gidatuko du Acostak, Bartolome Ertzillan. Flamenkoaren arloan, besteak beste, Joaquín Cortes dantzariaren konpainiako flautista moduan jardun izan du Venezuelako musikariak. Asko bidaiatu du, eta “artista oso inportanteekin jo du: urte askoan Venezuelako Simon Bolivar Orkestra Sinfonikoan jo izan du”, azpimarratu du Lerman Nievesek. Villa de Cura hiriko musika eskolan ezaugutu zuten elkar Lerman Nievesek eta Omar Acostak. Euren musikagaz atzerrira abiatu ziren biak: munduko areto eta musika eskoletan euren arrastoa uzten diharduten Venezuelako musikarien erakusle dira. Euskal Herrian, Durangon dihardu musikarekiko bere pasioa zabaltzen Lerman Nievesek. |