Kultur aniztasunari merezi duen lekua emateko, migrazioei buruzko Zilar Astea

Anboto 2013ko mar. 14a, 12:29
\'Migrazioak\' gaiaren bueltakoa izango da, Durangoko Zilar Astea aurten. Egitarau zabala aurkeztu dute, gaur, Plateruenean, herriko kulturgintzako eragileek

\'Migrazioak\' gaiaren bueltakoa izango da, Durangoko Zilar Astea aurten. Egitarau zabala aurkeztu dute, gaur, Plateruenean, herriko kulturgintzako eragileek.

 


EGITARAUA

Martxoaren 16an

  • 10:00etan. Literatura Eskola, udal liburutegian.
  • 13:30etan. Kantulagun kalez kale. Santanan hasita.

Martxoaren 21ean

  • 20:00etan. Karrika antzerki taldearen Inungane, sustraiak airean, Plateruenean.

Martxoaren 22an

  • 20:00etan. Biutz antzezlanaren emanaldia, San Agustinen.
  • 22:00etan. Durang(h)ots Jam Session, Omar Acosta flautista gonbidatu bereziagaz, Plateruenean.

Martxoaren 23an

  • 21:00etan. Erbestea aberri ikuskizuna, Kriskitin dantza taldearen eskutik, Plateruenean.
  • 22:00etan. Munduko koloreak. Durangoko migratzaile elkarteen eta Ullanah musika taldearen eskutik, Plateruena kafe antzokian.

Durangaldeko “kultur aniztasunari merezi duen errekonozimentua” egitea da eragileon proposamena. Erika Uranga Platerueneko kudeatzaileak azaldu duenez, ekimenean parte hartzen duten Durango eta Iurretako ikastetxeetako ikasleek proposaturiko zazpi gaietatik aukeraturikoa da aurten Zilar Astearen ardatza izango den \'Migrazioak\' gaia.

 

Aurreko edizioetan bezala, Durango eta Iurretako bost ikastetxetako Batxilergoko ikasleek martxo hasieratik dihardute migrazioaren inguruko unitate didaktikoa lantzen: Ainara Gorostizuren Aldamenekoa nobelaren irakurketatik abiatuta, komiki bat sortuko dute, eta San Agustin kulturgunean ikusgai ipiniko dituzte.

 

Gotzon Barandiaranek gidatuko duen Sorterritik urrun, migrazioak euskal literaturan Literatura Eskola izango da Zilar Astearen hurrengo hitzordua. Martxoaren 16an, Durangoko Udal liburutegian, 10:00etan hasiko da literaturaren inguruko saio hori.

 

Martxoaren 23ra arte, Durangaldeko hainbat disziplinatako kultur sortzaileek “euskaraz, eta Zilar Asterako propio” sortutako antzezlan, dantza ikuskizun, musika emanaldi, eta erakusketak biltzen ditu Plateruena kafe antzokiaren bueltan sorturiko egitarauak. Horren adibide, Karrika antzerki taldeak sortu duen Inungane, sustraiak airean, Kriskitin dantza taldearen Erbestea aberri, edota Omar Acosta flautista gonbidatu berezi izango duen Jam Session musika saioa.

 

Martxoaren 23an, Kriskitin dantza taldearen emanaldiaren osteko Munduko Koloreak inprobisazio  saioagaz itxiko dute Zilar Astea Plateruenean bildutako gizarte eta kultur eragileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!