Clown teknika deskubritu eta estimatzeko gonbidapena

Anboto 2013ko mar. 14a, 10:15
Topaketa antolatzeko lana egin duten Ganso & Cia antzerki taldeko Gorka Ganso eta San Agustin kulturguneko Arantza Arrazola kudeatzailea, Jon Kepa Garro zinegotzia, eta topaketaren barruan ikastaro bana gidatuko duten Pablo Ibarluzea eta Virginia Imaz antzezleak agertu dira topaketaren lehenenego edizioa aurkeztera

Topaketa antolatzeko lana egin duten Ganso & Cia antzerki taldeko Gorka Ganso eta San Agustin kulturguneko Arantza Arrazola kudeatzailea, Jon Kepa Garro zinegotzia, eta topaketaren barruan ikastaro bana gidatuko duten Pablo Ibarluzea eta Virginia Imaz antzezleak agertu dira topaketaren lehenenego edizioa aurkeztera.

 

Topaketak alor bi uztartuko dituela azaldu dute antolatzaileek: clown-aren inguruan diharduten profesionalen eta antzezleen formaziorako ikastaroak eskainiko dituzte, batetik, eta sortzaileen eta publikoaren arteko elkargune ere izatea nahi dute.

 

Ikastaroek oso harrera beroa eduki dute: Euskal Herria, Katalunia, Portugal, Italia, edota Frantziako 60 lagunek eman dute ikastaroren bat hartzeko izena. Eskarmentu eta prestigio handiko aktoreek gidatuko dituzte ikastaroak. Martxoaren 28tik 31ra, Durangon, elkarrekin biziko dira ikastaroen parte hartzaile guzti horiek: “Elkarrekin lo egin, bazkaldu, eta eztabaidatuko dugu”, azpimarratu dute.

 

Topaketan parte hartzen dutenen eta Durangaldeko publikoaren hartu emanerako, egitarau oparoa prestatu dute; bina antzerki emanaldi izango dira topaketako egun bakoitzen. Goizeko ikuskizunak doakoak izango dira, eta ordaindu beharrekoetarako bi aukera eskaini dituzte: ikuskizun guztietarako 15 euroko bonoa eskuratu daiteke, eta 7 euro ordaindu ikuskizun bakoitza.

 

Publikoa “clown teknika deskubritzera eta apreziatzera” gonbidatu du Pablo Ibarluzea Laudioko antzerkilariak: Durangokoa horretarako aukera paregabea dela azpimarratu du.

 

“Elkartu ahal izatea bera itzelezko gozamena izango da”, esan du, bestalde, Virginia Imaz aktore antzuolarrak. “Sasoi honetan inoiz baino gehiago, barre egiteko beharra daukagu euskaldunok”, esan du aurkezpenean, Virginia Imazek.

 

Egitarau oparoa antolatu dute topaketaren lehenengo ediziorako. Gorka Ganso antolatzaileak azaldu duenez, jaialdia kalean hasiko da, martxoaren 23an: Andra Marian, musika, “kaletik aske ibiliko diren clownak”, musika, zirkua, eta Asier Bastidaren ekimena burutuko dituzte egun horretan: nahi duten guztiei argazkiak egingo dizkie Bastidak, eta hurrengo asteburuan San Agustingo sarreran ikusgai ipiniko dituzte.

 

Azken gaua: martxoak 31

Ikastaroan parte hartzen dutenen eta clown-ean aritzen direnen doako inprobizazio saio batekin emango diote 2013ko Topaklown ekimenari amaiera. Jaigiro zoroan amaituko dute aurtengoa, 2014an jarraipena izango duen topaketa bilakatzeko intentzioagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!