"Saiatu gara istorio txikiekin puzzle erraldoi bat osatzen"

Anboto 2013ko mar. 15a, 08:24
Inungane, sustraiak airean lana estreinatuko du Karrikak, martxoaren 21ean. Antzerki taldeko Jose Martin Urrutia, \'Txotxe\'k, azaldu duenez, udako oporren bueltan hasi zen taldea aurtengo Zilar Astearen gaiari, emigrazioari, buruz hausnartzen

Inungane, sustraiak airean lana estreinatuko du Karrikak, martxoaren 21ean. Antzerki taldeko Jose Martin Urrutia, \'Txotxe\'k, azaldu duenez, udako oporren bueltan hasi zen taldea aurtengo Zilar Astearen gaiari, emigrazioari, buruz hausnartzen.

 

\"\"

 

Zelan doaz antzezlanaren prestaketa lanak?

Betiko martxan: denbora beharrean! Baina egia esan, ikuskizunak hartu du forma.

 

Noiz hasi zineten lanean?

Udako oporren bueltan hasi zen taldea aurtengo Zilar Astearen gaiari, emigrazioari, buruz hausnartzen, eta galderak egiten, eta gai horrek bakoitzari zer eragiten dio aztertzen.

 

Zer galdera sortu ziren?

Prozesuaren parte horretan ez nintzen egon, baina, etorkinen azalean ipintzea izan zen ariketa. Sorterritik irteteko arrazoiak zeintzuk diren, zer sentitzen duzun... Oso ikuspuntu poliedriko eta zabaletik begiratu gura izan diogu emigrazioaren gaiari, eta geure burua tesitura horretan ipini.

 

Sorkuntza prozesuagaz, forma zehatza hartu du horrek denak.

Bai, horretan jardun dugu: ideia horiek gorpuztu eta hitz eta kolore zelan bilakatu pentsatzen, eta ondoren, ideiak gauzatzen.

 

Zer ideia edo hari nagusi dauka antzezlanak?

Gaiak milaka norabide dauzkala konturatzetik sortu da ideia nagusia: saiatu gara hari horiek bakoitzak bere bidea hartu dezan libre uzten, batetik, eta denekin joskura egiten, gero. Saiatu gara istorio txikiekin puzzle erraldoi bat osatzen.

 

Ezagutzen ez ditugun errealitateak aurreiritziz epaitzen ditugu sarri.

Kontrara, emigrazioaren aniztasuna gura izan duzue erakutsi. Bai. Horrez gainera, hainbat etorkinen testigantzak batuko ditugu ikuskizunaren hasieran. Izan ere, hainbat ezaugarri komunean izan arren, etorkin bakoitzak sentipen eta bizipen desberdinak ditu.

 

Zelan landu dituzue etorkinen testigantzak?

Gertu daukan etorkin bati galdeketatxo bat egin dio taldekide bakoitzak, eta testigantza horiekin osatu dugu mosaikoa. Ikuskizunean, audio euskarrian erabiliko ditugu testigantza horiek.

 

Zer adierazpide baliatu duzue ikuskizunean?

Koreografia, testua... askotariko baliabideak darabilzkigu ikuskizuna eraikitzeko.

 

Bisualki, zer efektu gura izan duzue lortu lan honetan?

Koloreek eman dezaketen informazioa baliatu gura izan dugu, esaterako. Elementu plastikoekin eta argiztapenarekin ere jokatu gura dugu eszenan.

 

Berezia izan da antzezlan honen sorkuntza prozesua?

Modu kooperatiboagoan egin dugu, beharbada, lan. Ideia asko egon da mahai gainean. Testuaren zati bat neuk, eta beste bat Eneko Sagardoyk egin arren, taldelanean sorturikoa da.

 

Taldeko zenbat lagunek parte hartuko dute ikuskizunean?

Zazpi aktorek eta Platerueneko tekniko bik jardungo dute.

 

Zilar Astearen lau edizioetan parte hartu du Karrikak, ezta?

Bai, izan ere, oso interesante deritzogu eragile sozial eta kulturalok gai bat hartu eta denon artean jorratzeari. Sorkuntzaren ikuspuntutik, bestalde, urtero horrelako lan bat plazaratzea erronka handia da guretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!