Durangoko VII. Duatloi Laburrak 300 parte-hartzaile batuko ditu gaur, Durangon; gizonetan, Etxeandiaz gainera, Mugarrako Oier Ariznabarreta durangarra ere sasoi betean helduko da.
Durangoko VII. Duatloi Laburra (Gorka Uribeetxeberriaren oroimenezko bigarrena) jokatuko dute gaur, Durangon, Ezkurdin hasita. Herenegun itxi zuten aurtengo izena emateko epea, eta parte hartuko duten 300 bat duatletetatik, izen bi nabarmendu daitezke faboritoen artean: Gurutze Frades (MugarraTT) emakumeetan, eta Iurgi Etxeandia (Extrem Zornotza) gizonetan. Aurten, berriro ere, Durangon erabakiko da distantzia laburreko duatloien Euskal Herriko txapelduna.
Emakumeetan, iaz Durangon bertan irabazitako txapela berritzeko faborito argia da Frades iurretarra. Gizonetan, zabalagoa da hautagaien zerrenda. Iurgi Etxeandia goi mailan dabil, eta Mungiako eta Barakaldoko duatloiak irabazi ditu; Sopelakoan, bigarren sailkatu zen.
Oier Ariznabarreta durangarra ere adorez beteta dago; joan zen zapatuan, Eibarko duatloia irabazi zuen eta, hurrengo egunean, bigarren amaitu zuen Zuzenien kilometro bertikala, Iñigo Larizen atzetik. Gainera, orain asteburu bi, Barakaldon, oso garesti ipini zion garaipena Etxeandiari, eta bigarren sailkatu zen, irabazlearengandik segundo bira. Ikusi egin beharko da bizikletako tartean —Kanpazar igoko dute aurten, Miota igo beharrean— zer errendimendu eskaintzen duen Ariznabarretak.
Talde bereko Gorka Bizkarrak ere badaki aurten podiumera igotzea zer den: Galizanon (Kantabria), hirugarren amaitu zuen. Antxintxika triatloi taldeko Ander Agirre ere faboritoen zerrendan dago. Mungian, bigarren sailkatu zen, Etxeandariarengandik zazpi segundora, eta Sopelan hiru segundoko aldea bakarrik egon zen bien artean.
Ibilbide berria korrika Duatloiaren aurtengo nobedade nagusia arineketan egiteko ibilbidean dago. Trena lurpetik doanez, arineketan egiteko ibilbide osoa herrigunean zehar igarotzeko moduan diseinatu dute antolatzaileek: Landako etorbidea, atletismo pistako bidegorria, Muruetatorre, Mikeldi, Frai Juan Zumarraga, eta Askatasun etorbidetik pasako da. Kalera irten eta duatletak animatzeko deia egin dute Mugarrako kideek.