"Artearen erabilpen maltzurraren inguruan jardungo dugu zikloan"

Anboto 2013ko mar. 6a, 09:24

X. Artearen Ezaupidea berbaldi zikloa hasiko dute bihar, arte totalitarioari buruz

X. Artearen Ezaupidea berbaldi zikloa hasiko dute bihar, arte totalitarioari buruz.

 

Zorionak, honelako ekimen bat hamar urtez mantentzearren!

Pozteko modukoa da, bai, ez baita oso normala hamar urtean hau bezalako ziklo bat mantentzea. Zorionak eta eskerrak helarazi nahi dizkiet, hemendik, parte-hartzaile guztiei. 

 

Deigarria da aurtengo zikloaren gaia: estetika eta arte totalitarioa. Zelan aukeratu duzue?

Azken boladan, asko jorratzen da gai hori: oroimenari lotuta ere, leku askotan lantzen dabiltza. Durangon ere honen inguruan zerbait esatea interesgarria dela pentsatu dugu.

 

Zertaz dihardugu ‘arte totalitarioa’ esaten dugunean?

Arte totalitarioa, erregimen totalitarioen pean garatzen dena da: ez da arte inozoa, jendearen bizitzan eragin zuzena daukana baizik. Oso lotuta dago ideologiarekin, eta pentsatu dugu, tokatzen zitzaigula gogoetatxo kritiko bat egitea honen inguruan, eta iraganari begirada kritiko hori botatzea.

 

Erregimen totalitarioak sostengatu zituzten artelanez jardungo duzue soilik?

Bai, erregimen horiek bultzatutako artean zentratuko gara. Landuko ditugun erregimen totalitario hauetan disidentziarako leku gutxi zegoen. Gure interesa, hain justu, erregimen horiek arteaz egin zuten erabilpen maltzurra aztertzea da.

 

Zer kasutaz jardungo duzue?

Italia faxistako, Alemania nazionalsozialistako eta Sobiet Batasuneko adibideak landuko ditugu. Badaude erregimen horiek bereizten dituzten ezaugarriak, baina baita konpartitzen dituzten ezaugarri batzuk ere: kontrolari dagozkionak, adibidez.

 

Zuk eskainiko duzu bigarren hitzaldia, martxoaren 14an.

Bai: hirugarren Reicheko estetikari buruz jardungo dut. Oso adibide gordina da. Ez ditut estetikoki garrantzia izan zuten ideiak landuko bakarrik; atzean zegoen ideologia suntsitzailea zelan agertzen den artean ere bai. Artearen erabilpen maltzurraren inguruan jardungo dugu, eta zelan izan zen erabilia talde kontzientzia garatzeko.

 

Zer lotura daukazu gai horiekin?

Gaiaren inguruko kongresu batera gonbidatu ninduten, eta materiala prestatu nuen bertarako. Ideia horiek garatu ditut gero. Azkenaldian literaturari lotutako arteari buruzko lan oso interesgarria egiten ari dira esparru honetan: kontzentrazio esparruetako literaturari buruz, adibidez. Esperientzia oso gordinen kontakizunak dauzkagu: nolakoak garen gizakiok eta noraino ailegatzeko gai garen kontatzea, bizirautea bezain garrantzitsua dela erakusten dutenak.

 

Oroimenaren garrantzia.

Ideologikoki desberdinak izan arren, artelan baten aurrean eta isiltasunean pertsonek elkargunea topatu dezaketela uste dut. Pentsatzen dut Euskal Herriko gatazkari lotuta ere, erabilgarri izan genezakeela hori.

 

Hasi zara datozen urteetako zikloetako gaiak pentsatzen?

Hori baino lehen, autokritika bat egin gura dut, hiru berbaldiak gaztelaniaz direlako aurten. Ez da berriro gertatuko.

 

 


Datozen eguen bietan, nazismoari eta errealismo sobietarrari buruz

 

Martxoaren 14an eta 21ean dira zikloaren barruko hurrengo hitzaldiak

 

 \"\"

Nazismoak zelan uztartu zituen ideiak eta forma azalduko du, Artearen Ezaupide zikloaren barruko bigarren berbaldian, Aitor Aurrekoetxea filosofia irakasleak: “Semiotikoki, oso irudi erakargarriak zelan garatu zituzten landuko dugu”, azaldu du. “Askotan esaten da, nazismoa paganoa izan zela”, jarraitu du Aurrekoetxeak, “baina nik uste dut nazismoa kristianismoarekin alderatu daitekeela: Hitlerren figura izango litzateke jaungoikoaren parekoa, eta paralelismo hori azalduko dut nire hitzaldian”, aurreratu du Aurrekoetxeak.

 

Martxoaren 21ean da Artearen Ezaupidea zikloko hirugarren eta azken hitzordua. Aurrekoak bezala, 19:00etan hasita, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Sobiet Batasuneko errealismoaz jardungo du, egun horretan, Mikel Iriondo EHUko arteen estetika eta teoriaren irakasleak. 1917ko Iraultza Boltxebikearekin hasita, 1989an Berlingo harresia bota arte iraun zuen, eta “herri eta pertsona askorengan eragin zuen” erregimenari buruz ariko dira. Bihar, Italia faxistako artearen inguruan jardungo dute, Durangoko Artea eta Historia museoko hitzorduan. Klasizismoaren alde egiten zuen erregimenaren abangoardisten arteko tentsioei buruz  jardungo dute, besteak beste, Artearen Ezaupidea zikloan. Ahalik eta erarik dibulgatiboenean, baina Aitor Aurrekoetxea antolatzailearen berbetan, “sakontasunetik” jarduten dute artearen bilgune honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!