Trena lurperatuta, Durango bistaratuko du martxoaren 9ko duatloiak

Anboto 2013ko mar. 4a, 08:30

Trenak zekartzan oztopoak gaindituta, arineketan egiteko tartea Durangoko kaleetan zehar egingo dute. Mugarra triatloi taldeak martxoaren 9rako antolatuko duen zazpigarren duatloiak (Gorka Uribeetxebarriaren oroimenezkoa) nobedade nagusi bi ditu aurten, biak ibilbideari lotuak

Trenak zekartzan oztopoak gaindituta, arineketan egiteko tartea Durangoko kaleetan zehar egingo dute. Mugarra triatloi taldeak martxoaren 9rako antolatuko duen zazpigarren duatloiak (Gorka Uribeetxebarriaren oroimenezkoa) nobedade nagusi bi ditu aurten, biak ibilbideari lotuak.

 

Batetik, trena lurperatzen zenerako aginduta zutena betez, arineketan egiteko tartea Durangoko kaleetan zehar egingo dute. Dagoeneko ez dute Orozketara arte joan beharrik. Bestetik, bizikletaz osatu beharreko 40 kilometroetan, Miota igo beharrean, Kanpazar igoko dute. Duatloia distantzia laburrekoa da (10 kilometro arineketan, 40 bizikletan eta beste 5 arineketan).

 

Emakumeen lasterketa 15:00etan hasiko da Ezkurdin, eta gizonena ordu laurden geroago. Honako hau da arineketan egin beharreko ibilbide berria: Ezkurditik Landako etorbidean sartu eta Ciclos Iturriaga dendaraino zuzen joango dira duatletak; handik bidegorria hartu, eta atletismo pistatik bueltan-bueltan, Muruetatorre eta Mikeldirantz zuzenduko dira. Ondoren, Frai Juan Zumarraga eta Alluitz kaleak zeharkatu, eta Askatasun etorbidetik sartuko dira Ezkurdin.Ibilbide “erakargarria” dela adierazi zuen Gurutze Frades duatletak aurkezpenean, eta Durangoko kaleetatik igaroko denez, herritarrei dei egin zien “duatletei animatzera irteteko”.

 

Bizikletako ibilbidea aldatzeko arrazoiak Beñat Lopez Mugarrako lehendakariak eman zituen: “Miotarako bidean, biribilgune asko egin dituzte. Euria egiten badu, arriskutsua izan daiteke, eta gainera, kontrolatzeko jende gehiago behar da”. Kanpazarrek Miotak baino alde handiagoak eragingo dituela uste dute antolatzaileek.

 

Iazko legez, Durangon erabakiko dira distantzia laburreko Euskadiko txapeldunak. Emakumeetan, Mugarra taldeko Gurutze Frades iurretarra iazko txapela berritzen ahaleginduko da. Gizonetan, berriz, Zornotza Extreme taldeko Iurgi Etxandia sasoi betean dabil.

 

Duatloian parte hartzeko honako webgunean eman daiteke izena (22 euro): www.triatloi.org

 

 

Gaztetxoen duatloia

Nagusien aurretik, gaztetxoen duatloia egingo dute laugarren biderrez. 11:30etik 12:30era arte infantil, kimu eta benjamin mailako gaztetxoak lehiatuko dira, nor bere distantzian. Horien ostean, bederatzi urtetik beherakoei ere eskainiko diete duatloi txiki bat egiteko aukera. Izena egunean bertan eman daiteke, edota posta elektronikoz, honako helbide honetara idatzita: mugarratriatloieskola@gmail.com.

 

Lasterketa herrikoi berria

Bestalde, Mugarrak aurreratu duenez, apirilaren 21ean lasterketa herrikoi bat egingo dute lehenengoz. Distantzia bi izango ditu lasterketa horrek: hamar eta bost kilometrokoa, eta duatloirako diseinatu duten ibilbide bera errepikatuko dute. Azken urteetan Mugarra triartloi taldea asko hasi dela (esaterako, Espainiako triatloi eskolarik handienetakoa dute) adierazi zuen Lopezek eta egitura guzti horientzako babesleak lortzea gero eta zailagoa dela urterik urtera. Beraz, lasterketa herrikoi horrekin dirua batzea ere badute helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!