Durangoko Plateruenean, martxoaren 7an, 19:00etan batuko dira Bertso Korrika ekimen berezian.
Martxoaren 7an, Durangoko Plateruenean egingo dute Bertso Korrika saioa. Ione Narbaiza, Ane Abanzabalegi eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ batu ditugu; Bizkaiko Bertsozale elkartearen, Durangoko Abarrak euskaltegiaren eta bertso eskolaren ordezkari legez, hurrenez hurren. Hiru elkarte horiek antolaturikoa da martxoaren 7ko bertso saio berezi hau. Igor Elortza, Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Aitor Bizkarra ariko dira bertan kantuan.
Zelan sortu da ekitaldi hau antolatzeko elkarlana?
Ione Narbaiza: AEK eta Bertsozale elkartea elkarrekin lanean ari dira azken bi urteetan, eta lankidetza horren emaitzetako bat da Bertso Korrika. Herri bertso eskolek ere parte hartu dute ekimenean, beraz, hiru zutabe dauzka elkarlanak.
Zer helburu dauzka ekimenak?
Ane Abanzabalegi: Korrika girotzea, euskara ikasten ari direnek bertso saio bat entzutea, bertsolaritzara hurbiltzea, herriko bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea, kalean euskaraz elkartzea herriko euskal hiztunak eta ikasten ari direnak, eta bertso eskolen eta euskaltegiaren arteko harremanak lantzea.
Zer berezitasun izango du Platerueneko saioak?
Eneko Abasolo: Euskara ikasle horietako askorentzako, bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da eguenekoa, eta horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira. Gainera, saioan zer topatuko duten aurrez landuko dute euskaltegian, bertso eskolako gai-jartzailearekin batera. Bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egingo dute publikoan; elkarrekin berba egiteko zer hobe aurretik pintxo janean batzea baino?
Herriz herri antolatu dituzue honakoa bezalako bertso saioak?
Ione Narbaiza: Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin izango dira saioak. Denera, 25 bertso eskolak hartu dute euren herrian saioa antolatzeko ardura; 100 bertsolarik jardungo dute plazaz plaza, asko ibili direnak eta gutxiago aritzen direnak bat eginez saio berean. Bestalde, 20 gai-jartzaile arduratuko dira euskaltegian eskola didaktikoak emateaz eta bertso saioan gaiak emateaz.
Joan zen astean bertso eskola egin zenuten Pinondoko euskaltegian. Zelan joan zen?
Ane Abanzabalegi: Oso ondo joan zen, saioa oso dinamikoa izan zen, eta ikasleek bertso bat zer den ezagutzeko aukera izan zuten. Eskolan landu arren, ariketa desberdinak egin genituen, eta saioa bertso bat eginez amaitu genuen. Gure ikasleen lehen bertsoa! Horrez gainera, Platerueneko egueneko saiorako gaiak eta hainbat ariketa pentsatu genituen bertso eskola horretan.
Zer giro sumatzen da euskaltegian Korrika hurreratu ahala?
Ane Abanzabalegi: Korrika baino ez darabilgu egunotan ahotan. Ikasleekin Korrikaren inguruko ikasmateriala lantzen hasi gara: zer den, nondik nora izango den, omenduak eurak izango direla azaldu...
Gai emaile bezala jardungo duzu egueneko Platerueneko saioan zuk, ezta, Eneko?
Eneko Abasolo: Bai, eta euskara batuan egin eta gauzak ondo azaltzeko enkargua daukat (barrez). Aritua naiz euskaltegietan bertsotan, eta saiatzen gara euskara ulergarria egiten. Berezia izango da, gaiak euskaltegiko ikasleek prestatu dituztelako, batez ere: euren ikuspuntutik egingo da saioa. Asmoa daukagu publikotik kantatzeko, ohi baino saio informalagoa sortzeko.
Ane Abanzabalegi: Ikasleei egokitutako saioa izango da. Bertso saioaren aurretik harremana sortu dadin, esan bezala, pintxo jana antolatu dugu.
Ione Narbaiza: Saioa guztiz irekia izango da, izan ere, helburua elkargune izatea da: ikasleak euskal hiztunekin elkartzeko gunea sortzea.