Lehia eta balioak uztartuko ditu judoka gazteen topaleku erraldoiak

Anboto 2013ko mar. 2a, 08:58

Durango Uria IV. Nazioarteko Judo Txapelketak 530 judoka gazte batuko ditu gaur, Landako kiroldegian; aldi hau inoizkorik nazioartekoena izango da, Frantzia eta Portugaldik gaztetxo asko etorriko dira-eta

Durango Uria IV. Nazioarteko Judo Txapelketak 530 judoka gazte batuko ditu gaur, Landako kiroldegian; aldi hau inoizkorik nazioartekoena izango da, Frantzia eta Portugaldik gaztetxo asko etorriko dira-eta.

 

Aurten, laugarren aldia egingo du Durango Judo taldeak antolatzen duen Durango Uria Nazioarteko Txapelketak. Landako kiroldegiak 530 judoka gazte hartuko ditu gaur, inoiz baino gehiago. Judoka horien jatorriak ere argi uzten du urterik urtera gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den txapelketa dela. Esaterako, Frantziatik (Bordele, Medoc…) 100 gaztetxo etorriko dira, eta Portugaldik (Alges) beste 30. Aurten, Andorrako 10 judokak ere parte hartuko dute.

 

Kimu, haur eta kadete mailetan lehiatuko dira gaztetxoak. Aurtengo edizioan, kendu egin dute benjaminen maila. Diotenez, eskola kirolean badago adin tarte horri zuzendutako programa berezitua. Kimu mailatik aurrera, ostera, “judoan ez dago teknifikaziorako ibilbidide-orririk”, Iñaki Salas Durango Judo Taldeko kidearen esanetan: “Horregatik, gure ahalegin guztiak kimu, haur eta kadete mailetara bideratu ditugu. Judoan jarraitu dezaten motibatzea nahi dugu horrelako txapelketa eta topaketen bidez”. Horrekin batera, errespetua, bizikidetza, diziplina… lako balioak sustatu gura dituzte, judoa norgehiagoka kirol bat dela ahaztu gabe: “Nazioarteko judoka asko etorriko direnez, oso hitzordu erakargarria da judo maila hobetu gura duen edozein gaztetxorentzat”.

 

Urtero-urtero, ekitaldiko kamiseta bana jasotzen dute parte- hartzaileek. Aurten, nobedade moduan, ohiko kolore beltzeko kamisetaren ordez, kalitate handiagoko zuri bat diseinatu dute: “Diseinua asko zaindu dugu. Gainera, aurtengo kamiseta teknikoa izango da. Horrek esan gura du, edozein txapelketatan erabiltzeko baligarria dela”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!