Victor Iriartek lehenengo lan luzea aurkeztu du: 'Invisible'

Anboto 2013ko mar. 1a, 09:27
Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdian aurkeztu zuen joan zen astean Victor Iriarte durangarrak Invisible lana: lehenengo aldiz erakutsi du lan hori Euskal Herrian

Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdian aurkeztu zuen joan zen astean Victor Iriarte durangarrak Invisible lana: lehenengo aldiz erakutsi du lan hori Euskal Herrian.

 

Orain zortzi hilabete Marseillan estreinatu zuten Invisible, eta Argentina eta Txilen ere eman dute. "Lana Iruñean estreinatzea oso garrantzitsua zen niretzat", dio Iriartek: "Hemengoa naiz, eta nire lehenengo lan luzea ere baden Mursegoren erretratu hau, hemen, lagunartean erakustea oso betegarria eta hunkigarria izan da".

 

\"\"Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan erakutsiko du filma datozen asteetan: filmeko protagonistaren, Maite Arroitajauregi Mursego musikariaren, kontzertu bategaz osatuko dute emanaldia. Durangaldean ere emango dute laster, Invisible. Lehenengo pertsonan Victor Iriarte zinegilearen lehenengo film luzea da Invisible. Lan oso pertsonala da: “Pelikula hau Maiteren eta nire bizitzari buruzkoa da”. Urteetan elkarlanean jardun dute Arroitajauregi eibartarrak eta Iriartek: “Bere kanten letrak bion artean egin izan ditugu, nire filmetako musika Maitek egin izan du”.

 

Sortzaile bien arteko maitasun istorioa kontatzen du filmak, eta Victor Iriarte zuzendariaren ahotsa da istorioa narratzen duena —oroitzapenak kontatzen dituena. Forma aldetik, Invisible ez da pelikula konbentzionala: esperimentala da, egilearen berbetan. Berezia da formari eta egiturari dagokionez, eta hiru atal batzen ditu: batean, estudioan agertzen da Maite Arroitajauregi; beste atal bat banpiroei buruzko film bat da; eta hirugarren pelikulan zinegilearen eta musikariaren arteko harremana kontatzen da.

 

Dokumental musikala baino zerbait gehiago da, esan bezala, Invisible: “Hemen erretratua ez da bakarrik musikariarena, nirea ere bada, eta autoerretratu bat barrutik egin behar da”, azaldu du Iriartek. Donostiako Tabakalera kulturgunean zinema programatzaile moduan dihardu Iriartek, zinema esperimentalaren inguruan lanean. Aurretik, zinema irakaslea izan da Montevideon (Uruguay). Han eta hemen lan egin arren, baina, Durangon mantentzen du Iriartek estudioa: bertan dauka materiala.

 

 


Mursegoren ‘Bi’ diskoaren grabazioko irudiekin

 \"\"

Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-ren estudioko irudiek osatzen dute ‘Invisible’ filmaren parte bat

 

Maite Arroitajauregi ‘Mursego’-ren estudioko irudiek osatzen dute Invisible filmaren parte bat Maite Arroitajauregi Mursegorekin sartu zen Victor Iriarte zinegilea, Bi diskoaren grabazioan. Iriarte zuzendariak azaldu duenez, estudioan grabaturiko irudi horiekin “Arroitajauregiren alderik basatiena” erakutsi nahi izan du Invisible filmean: Mursegoren ahotsa oso presente dago Invisiblen, baina berbarik ez du egiten ia: kantuan agertzen du filmak.

 

Musikariaren sorkuntza prozesua erakusten du Victor Iriarteren lehenengo film luzeak: loop teknikaren bitartez, zelan doan batzen eta uztartzen bananbanan grabaturiko doinuak. Ez da lehenengo aldia Iriarte durangarrak musika talde bategaz lan egiten duena; Miztura eta Lisabo taldeekin ere jardun izan du. “Lisaborekin birako kontzertuetara joan eta Super 8 kamera batekin irudiak hartu nituen”, gogoratu du. Cajaconcosasdentro izeneko ekoiztetxea ipini zuen Victor Iriartek martxan. Bere sorkuntza lana ezagutu gura duenak, Kimuaken katalogoan eta Interneten ikusgai dauka lagin bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!