"Musikarien eta publikoaren arteko distantzia apurtu" gura dute Xabier Montoiak eta Rafa Ruedak gaurko kontzertuan; jendartetik joko dute, 22:30ean hasita, Durangoko Plateruenean.
Futbola maite ez dutenentzat ere alternatibaren bat egon behar dela dio Rafa Ruedak barrez. Futbol derbia baino zuzeneko musika nahiago dutenentzako aukera da gaur, 22:30ean hasita, Durangoko Plateruenean eskainiko dutena. Rafa Ruedak duela urte eta erdi kaleratu zuen Enaren geometria diskoa aurkeztuko du kontzertu horretan, eta Montoiaren Mundu Miresgarria, Xabier Montoiak.
Beren taldeek lagunduta etorriko dira musikari biak. Ruedak azaldu duenez, berezia izango da gaur gaueko Platerueneko emanaldia: entzulearekiko gertutasuna lortu gura dute, eta jendartetik joko dute: “Plateruena oso dimentsio handiko lekua da, eta nahi duguna da, musikari eta publikoaren arteko distantzia apurtzea”.
Jendartera jaitsita jardungo dute Montoiak eta Ruedak. Bigarren aldia da Ruedak eta Montoiak kontzertu bateko kartela konpartitzen dutena: Lauaxetaren omenezko Ehungarrenean hamaika ikuskizunean elkarrekin aritu ziren. Sarritan jo dute biek Plateruenean: antzokiko lehenengo kontzertuetariko bat Rafa Ruedarena izan zen, eta diskoak aurkeztera ez ezik bertako ekimen berezietan parte hartzera ere etorri izan dira, Rueda eta Montoia: Kantulagun, Kantuaren Kantoia, etab.