Preso politikoen eta iheslarien eskubideak musikaz aldarrikatzeko

Anboto 2013ko ots. 20a, 09:48

8.000 ikuslek eskuratu dute Kalerarock jaialdirako sarrera: dena saldu da. Zapatuan, Landakogunean da zita

8.000 ikuslek eskuratu dute Kalerarock jaialdirako sarrera: dena saldu da. Zapatuan, Landakogunean da zita.

 

Otsailaren 8an ipini zituzten Kalerarock jaialdirako azken sarrerak salgai Plateruenean, eta egun horretan saldutakoekin, 8.000 sarrera saldu dituzte guztira. Honezkero sarrerarik eskuratu ez duenak ezingo du zapatuan jaialdira sartzeko txartelik erosi, dagoeneko salduta baitaude sarrera guzti-guztiak. Urte amaieran Euskal Herriko hainbat herritan ipini ziren txartelak salgai, eta agudo amaitu dira.

 

Kalerarock jaialdiaren bigarren edizioa da zapatuan Landakon ospatuko dutena, eta Betagarri taldeko Aitor Agirrek, eta jaialdiaren kanta sortu duen Esaixu taldeak egin dute jaialdiaren aurkezpena. Oholtza bi atondu ditu antolakuntzak, eta punta-puntako hamaika musika taldek joko dute jaialdian; Durangoko Azokan disko gehien saldu zuten Gatibuk edo Arcada Socialek, esate baterako.

 

Egun osorako plana da zapatuko Landakogunekoa; izan ere, goizeko 11:30ean zabalduko dituzte ateak. Jaia borobiltzeko, Euskal Herrian sortutako doinuen nahasketa dantzagarria eskainiko du Dj Bullek. Karpa batetik jardungo dute Dj Bullek eta reggae doinuak zabaltzen dituen Irungo Mosku auzoko Bad Sound System taldeak.

 

Iaz egin zuten Kalerarock jaialdia lehenengoz, “euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko musika festibalak Durangoko erakustazoka betetzeko” helburuagaz, antolatzaileek esan zutenez. Durangoko musika eta aldarrikapen jaialdi honetan aurkeztu zuten iaz, “preso eta iheslarien etxeratzea ahabildetu nahi duen Herrira mugimendua”.

 

 

 


Iheskideko elorriarrak ere, jaialdian partaide

 

\"\"Iazko udan ...Irabazi arte laugarren diskoa kaleratu zuen Elorrioko Iheskide taldeak, eta disko horretako kantak milaka entzuleri zuzenean eskaintzeko aukera izango du zapatuan, Kalerarock jaialdian. Disko horren harira Elorrioko laukotearekin izan genuen elkarrizketan adierazi zutenez, “musikari dagokionez, irekiagoa da” taldea azkenaldian egiten dabilen lana, bai eta Irabazi arte diskoa bera ere: “Taldearen eboluzioa islatzea baina sustraiak bere lekuan mantentzea da helburua: itxurakeriatan erori gabe, punk rockaren bitartez, garen moduan agertzea eta pentsatzen duguna azaleratzea”, diote.

 

Laugarren diskorako egindako lana zuzenean aurkeztu eta kantek sentiarazten diena jendearekin partekatzeko gogotsu daude Iheskidekoak. Durangoko zapatukoaren ostean, gainera, horretarako beste bi aukera dauzkate: Elorrioko gaztetxearen urteurrenean, eta Gazte Danbada ekitaldian ere joko baitute, martxoan.

 

Askotariko doinuak izango dira, Durangoko Landakogunean, zapatuan: Vendetta; aste honetan E.H. Calling diskoa aurkeztuko duen Kaotiko; Hesian zortzikote sakandarra; hardcore eta metal doinuak uztartzen dituen KOP; Governors; Betagarri; edo Gatibu daude iragarrita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!