Azken urteetako boladarik onenean dabiltzala bisitatuko dute lider ahaltsua

Anboto 2013ko ots. 16a, 08:18
Tabirako Baqueko emakumeek sei garaipen daramatzate segidan. Alberto Molinak taldea gidatzen duen lau urteetako boladarik onena da, eta Bera Beraren aurka ezustea emateko prest daude

Tabirako Baqueko emakumeek sei garaipen daramatzate segidan. Alberto Molinak taldea gidatzen duen lau urteetako boladarik onena da, eta Bera Beraren aurka ezustea emateko prest daude.

 

\"\"

 

Pazientzia bere fruituak ematen ari da. Jokalari berriekin eta gazteekin talde lehiakorra egiteko denbora eskatu zuen Alberto Molina entrenatzaileak denboraldi hasieran. Lehenengo itzulian, bolada onak eta txarrak tartekatu zituzten, harik eta abenduan DPI Cambio menderatu (58-51) zuten arte. Harrezkero, jokatutako partidu guztiak irabazi egin dituzte: guztira, sei garaipen erreskan.

 

Tabirako Baquek une honetan duen konfiantzaren adibide garbia izan zen Ardoiren kontrako partidua. Partidu osoan irabazten joan ostean Ardoik berdintzea lortu zuenean, Tabirakoko jokalariak ez ziren kokildu, eta orduan erakutsi zuten zehaztasunik handiena: “Sarritan atzetik datorrenak harrapatzen zaituenean, besoa uzkurtu egiten da, baina une honetan taldea konfiantza askogaz dabil”, dio Molinak.

 

Sailkapeneko laugarren postuan daude orain. Multzoko play off-a jokatzeko aukera emango liekeen aurreneko bost postuetan geratzea dute helburu. Asteburuan, Bera Beraren kontra, “ez dugu zer galdurik”. Orain arteko 16 partiduak irabazi dituen taldearen kontra amore eman behar izatea normala litzateke, baina “despistatzen badira, gu aprobetxatzeko gogoz gaude”. Tabirako Baqueko junior taldea ere maila handian dabil. Lau garaipen daramatzate segidan.

 

Talde horretako lau jokalari (Gorane Urain, Mirari Aldekoa, Ainhoa Baque eta Ane Garitagoitia) nagusiekin entrenatzen ari dira eta, txandaka, partiduetara ere joaten dira. Zoritxarrez, Garitagoitia meniskotik lesionatu zen eta astelehenean egin zioten ebakuntza.

 

Gizonek, kontrako norabidea

 

Emakumeen kontrako norabidea darama gizonen talde nagusiak. Lehen itzuli ikusgarri baten ostean, 2013a hasi denetik burua jaso ezinda dabiltza: lau porrot segidan. Lesioak, jokalarien laneko konpromisoak, jaurtiketa libreetan asmatu ezinak (azken partidu bietan %60 inguruko portzentajeetan ibili dira)… Hainbat faktorek eragin dute, tartean “apur bat erlaxatu” egin direla ere uste du Tomas de Castro entrenatzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!