'Munduari itzulia' eta Gorakadaren historiari errepasoa San Agustinen

Anboto 2013ko ots. 14a, 08:50
Gorakada antzerki taldea sortu zela 25 urte dira. Taldearen historiari buruzko erakusketa antolatu dute

Gorakada antzerki taldea sortu zela 25 urte dira. Taldearen historiari buruzko erakusketa antolatu dute.

 

Durangoko San Agustin kulturgunean ipini duten erakusketan dago Gorakada antzerki taldearen 25 urteko lanaren eta aberastasun kreatiboaren emaitza: ikuskizunetarako sortutako txotxongiloak, kartelak, argazkiak... Denbora asko daramate taldekideek “memoria egiten” eta Traña-Matienako lokalean gordetako materialak batzen, eta otsailaren 24ra arte izango dira San Agustingo erakusketan.

 

Kulturgune horretan eskainiko du otsailaren 17an Goradakak familia guztiari zuzenduriko azken antzezlana: Munduari itzulia. Mikel Gaztañaga pianistak, eta Aritza Rodriguez eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreek zuzeneko musika eskaintzen dute Euskadiko zein Espainiako antzokien sareak gomendatzen duen Willy Fogen bidaiei buruzko antzezlan honetan.

 


"Behin-behineko proiektua zirudien Gorakadak, jaio zenean"

 

Alex Diaz abadiñarra da Gorakada taldearen zuzendaria.

 

\"\"Zer alde dago duela mende laurdeneko Gorakadaren eta gaur egungoaren artean?

Handia: Euskal Herrian eta Espainian egonkortuta dagoen konpainia gara, gaur egun: programazioan murrizketa handiak egiten ari diren arren, zirkuituetan sartuta gaude. Zorionez, Euskadin lan asko egiten dugu: orokorrean, lehen egiten zenaren %60 egiten dugu hemen, eta %30 Espainian.

 

Zein da Gorakada antzerki taldearen lantaldearen 2013ko argazkia?

Urte asko daraman sorkuntza talde finkoa daukagu: Javi Tiradok, esaterako, 21 urte daramatza Gorakadan, eta azken urteetan taldeko zutabe dira Jokin Oregi, Fran Lasuen, Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga, Maida Zabala, Javi Ulla, eta Jon Chavez ere. Horixe izan da urteotako gure helburua: Gorakadaren inguruko lantalde finkoa osatzea.

 

Zelakoa izan zen hasiera?

Behin-behineko zerbait bezala jaio zen proiektua: Durangon bageneukan Geroaren antzerki taldea, eta Julio Perugorriak koordinatzen zituen taldeak sortu ziren Abadiñon eta Zaldibarren ere. Hainbat lagun elkartu ginen hor: Amaia Peña, Quique Gago, Isabel Ruiz de Erentxun, Ricardo Villalba... Proba egin gura genuen, eta egun batean, Juliok umeentzako ikuskizun bat sortzea proposatu zigun. Horrela sortu genuen Ttartalo eta artzaina. Juliok oso zimendu irmoak ipini zituen Gorakadan, oso garrantzitsua izan da eta oraindino ere bada gure taldearentzat: egun, gure banatzailea da. Jende asko hasi zen taldera gerturatzen: 1997an sartu zen, esaterako, ordutik gurekin diharduen Javi Tirado.

 

Azken urteetan kolaboratzaile berriak ere gehitu zaizkizue ikuskizun bakoitzera, ezta?

Bai, esaterako Munduari itzulia zuzentzen Portugalgo Chapito taldeko Ze Garciak jardun du. Ikuskizun bakoitzaren arabera moldatzen dugu lantaldea. Emaitzan igartzen da hori: oso apustu indartsua egin dugu. Publiko familiarrarentzako gure ikuskizunetara hainbat arlotako profesionalak gehitzeak oso antzezlan profesionalak osatzen lagundu digu, bai antzezlanen edukiari dagokionez, bai eta ikuskizunaren beste arlo batzuei dagokienez ere... 90 lagunek baino gehiagok egin dute 25 urte hauetan Gorakadarekin lan. Urte hauetan guztietan taldeari lotuta jarraitu duen jendeak ematen dio taldeari sendotasuna.

 

Prozesu baten, lan egiteko eraren eboluzioaren emaitza da aipaturikoa, ezta?

Bai, noski. Eta hasi ginenean bageneukan nora begiratu ere: Geroa taldearengandik ikasi genuen zelan egin daitekeen antzerki profesionala. Beti gura izan dugu kolaborazioen bitartez gure lana aberastu. Oso talde gutxi daude horrela funtzionatzen dutenak. Zuzendari portugaldar batekin egindako lanak “Gorakada ikutua” edukitzea oso pozgarria da. Izan ere, oso garrantzitsua da guretzat Gorakadaren identitatea ez galtzea.

 

Munduari itzulia sortzeko prozesua berezia izan da?

Berezia da, Ze zuzendariak antzezlanari eman dionagatik, baina lehenago ere irten izan gara kanpora: Cyrano lanarekin ere Lisboako zuzendari batekin jardun genuen. Lisboara joan ginen, bertan zegoelako behar genuen zuzendaria: umorea eta proposamen fisiko eta keinukariagoa bilatzen genuen: antzerkia egiteko beste era bat. Ikuskizun bakoitzarekin esperimentatzea da gura duguna: ez gara-eta torlojuak egiteko fabrika bat.

 

Etorkizunera begira, zer erronka daukazue buruan?

Proiektu berri bati ekiteko gogoa daukagu. Badauzkagu ideia batzuk buruan, eta ekiteko gogotsu gaude. Bestetik, maiatzean bira hasiko dugu Galizian, Printzea eta ahatea antzezlanaren galegozko bertsioa eskaintzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!