Faustegoienako etxeetan, espero baino eskatzaile gutxiago

Anboto 2013ko ots. 8a, 18:03
Eskaria beharrezkoa baino txikiagoa izan denez, bi fasetan egingo dute Faustegoienako proiektua. PSE-EEk esan du, bigarren faserako baldintza berriak ipiniko direla, egitasmoa bertan behera ez geratzeko

Eskaria beharrezkoa baino txikiagoa izan denez, bi fasetan egingo dute Faustegoienako proiektua. PSE-EEk esan du, bigarren faserako baldintza berriak ipiniko direla, egitasmoa bertan behera ez geratzeko.

 

San Fausto auzoan, Faustegoienako proiektua bi fasetan egitea erabaki du udalak, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Bertan, babeseko 118 etxebizitza egitea dago aurreikusita; horietatik hamasei alokairu sozialean eta gainerakoak kooperatiba erregimenean. Bada, espero baino jende gutxiagok eman du izena, eta baldintzak ere ez dituzte bete askok. Horregatik, lehenengo fasean 70 etxe emango dituzte soilik. PSE-EEk esan du bi fasetan garatzea bultzatu duela, proiektua bertan behera geratu ez zedin. Bigarren faserako baldintza berriak ipiniko dituzte, eta lehenengo faseko etxeen zozketa hilabete barru egingo dela aurreikusi dute sozialistek.

 

Aralar eta Bildurentzat, alokairu sozialean etxe gutxi egingo dira. Udalak gainontzeko etxeengatik jasoko lukeen diruagaz 35 egin ahalko zirela uste dute. Horregatik, etxebizitzan inbertitzeko erabiliko ez den diru horregaz zer egingo duten galdetu zioten gobernu taldeari, bakoitzak bere aldetik.

 

EAJren ustez, hainbeste etxe alokairu sozialean egitea zuhurtzia bakoa da. Jeltzaleek diotenez, ez daukate esperientziarik horrelako gestioetan. Horri lotuta, Aralarrek galdetu du zertarako dagoen Durango Eraikitzen erakunde publikoa. Gainera, Aralarren ustez gaur egun ez da irtenbidea babeseko etxebizitzak jabetzan ematea, eta hori argudiatzeko azaldu du Odi-Bakarreko eta San Rokeko promozioetan, hurrenez hurren, 77 eta 56 lagunek uko egin diotela etxeari. Bilduk gogoratu du legeak esaten duela promozioen bidez lortutako dirua etxebizitzan inbertitzeko lehenetsi behar dela. Koalizioaren ustez, EAJren etxebizitza politikak porrot egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!