Aralar: "Udalak hamar etxe ditu jabetzan; soilik hiru daude okupatuta, eta zazpi hutsik"

Anboto 2013ko ots. 8a, 13:59

Aralarrek prentsaurrekoa eman du etxe horiek alokairu sozialean berehala ipintzeko eskatzeko. EAJren etxebizitza politikaren kontra egin dute Dani Maeztu eta Iker Urkiza zinegotziek; euren ustez babes ofizialeko etxeak jabetzan ematea gaur egun ez da irtenbide bat

Aralarrek prentsaurrekoa eman du etxe horiek alokairu sozialean berehala ipintzeko eskatzeko. EAJren etxebizitza politikaren kontra egin dute Dani Maeztu eta Iker Urkiza zinegotziek; euren ustez babes ofizialeko etxeak jabetzan ematea gaur egun ez da irtenbide bat.

 

Aralarrek gogor egin du gaur EAJren aurka. Etxebizitza politikaren harira, gaitasun eza leporatu dio gobernu taldeari. Esan dutenez, krisi sasoi honetan, 1.100 durangar daude Etxebiden izena emanda, eta 2011n 133 etxegabetze egin ziren Durangon. Diote gobernu taldeak ez duela ezer egin arlo honetan. Ez hori bakarrik: "Horrez gainera, datu bat dago Durangon lotsagabekeria erakusten duena: udalak hamar etxebizitza dauzka jabetzan; horietatik soilik hiru daude okupatuta, eta zazpi hutsik". Hori kritikatu ostean, etxe huts horiek alokairu sozialeko zerbitzuan ipintzea eskatu diote EAJri. Eta hori, Durango Eraikitzen enpresa publikoaren bidez egitea.

 

Etxe huts batzuk Intxaurrondon daude, irakasleentzako etxe zaharrean. Momentu honetan, hamarretik sei daude erabilgarri: etxe bat indarkeria matxistaren biktimentzako gordeta dago, bi gizarte larrialdi kasuetarako, eta beste bat etxe aldaketa bategatik dago okupatuta. Azken hau libre geratzean, zazpi etxe egongo lirateke bizitzeko erabilgarri. Gaur egun, etxe batzuk biltegi legez erabiltzen direla kritikatu du Aralarrek.

 

Faustegoiena, adibide

Dani Maezturen arabera, gaur egun babes ofizialeko etxeak jabetzan eskaintzea ez da irtenbide bat, eta hori argudiatzeko, esan du Odi-Bakarreko zein San Rokeko promozioetan uko ugari egin dituztela zerrendetako herritarrek (Odi-Bakarren 77 eta San Roken 56). Atzo, Faustegoienako promozioa aldatzea erabaki zuen udalak, kooperatiba batean sartzeko adina jende ez delako egon. Iker Urkizaren ustez, hori da adibide argiena jabetzan eskaintzea irtenbidea ez dela erakusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!