'Aquí va a pasar algo' antzezlan komiko-poetikoa aukeran

Anboto 2013ko ots. 1a, 11:30
Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute, zapatuan, 20:00etan, antzezlan komiko-poetikoa

Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko dute, zapatuan, 20:00etan, antzezlan komiko-poetikoa.

 

Trapu Zaharra kale antzerki konpainiagaz Durangaldeko antzerkizaleak hainbat aldiz barrez leherrarazi dituen aktorea da Txubio Fernandez de Jauregi gasteiztarra, Aquí va a pasar algo laneko antzezleetako bat. Miguel Garces aktorearekin dihardu Fernandez de Jauregik bihar Durangoko San Agustin kulturgunean eskainiko duten antzezlan honetan.

 

Aktore horiek biek eta Miguel Muñoz zuzendariak sortu dute Aquí va a pasar algo.

 

Memoria galdu duten lagun bi dira Zanguango taldearen antzezlan honen protagonistak: euren historia, izakera eta bizitzako ziurtasun guztiak galdu dituzten gizon bi. Derrigortuta daude birsortzera.

 

Oroimena txakur lelo baten antzekoa da", dio antzezlanaren aurkezpen orriak: "Makila bat bota, eta bueltan edozer gauza ekartzen dizu".

 

Ikuskizun komiko-poetikoa da Aquí va a pasar algo. Elkarrizketa surrealisten segida. Barrea eragiten du, baina erakusten dituen egoeretan ikusleak bere burua islatuta ikustea ere lortzen du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!