Sailkapenean azkenengo, errespetua lortzen lider

Anboto 2013ko ots. 1a, 09:21
Sailkapenean puntu barik dagoen DRT-ri loriak eskaini dizkio Hospitalet taldeak: \"Plazerra da miresteko baloreak dituen talde baten aurka jokatzea\". Egoera gatxaren aurrean taldearen konpromisoa erabatekoa dela erakusteko bideo bat ere landu dute hainbat jokalarik \'Braveheart\' filmeko eszenak oinarri hartuta.

Sailkapenean puntu barik dagoen DRT-ri loriak eskaini dizkio Hospitalet taldeak: “Plazerra da miresteko baloreak dituen talde baten aurka jokatzea”.


Klub osoak argi zuen jokalari gazteak eta esperientziadunak uztartu beharra duen DRT taldearentzako trantsizioko denboraldia zena aurtengoa, nahi eta nahi ez. Baina fitxaketen ordez harrobiaren aldeko apustua egiteak bere ondorioak ditu, onerako zein txarrerako. Alde batetik, bigarren itzulia hasita dutenean, Ohorezko B mailako azken postuan daude, bat ere puntu barik. Baina, bestetik, mailaz igotzeko aukerekin dagoen Hospitalet taldeak honakoa idatzi du bere webgunean DRT 65-12 jipoitu ondoren: “Plazerra da miresteko baloreak dituen talde baten aurka jokatzea. Emaitza gutxienekoa da, behinena errespetua da”.


Iaz ozta-ozta lortu zuten Ohorezko B mailari eustea.  Aurten, ikusitako ikusita, jaitsi egingo direla ematen du. Peio Urkidi entrenatzaileak dio jokalariek sentitzen dutela zama hori, normala den moduan. Baina taldearen gogoa eta motibazioa goraipatzen ditu, beste alde batera begiratu beharrean inoiz baino konpromiso handiagoa erakusten ari direlako. Esaterako, Hospitalet-en aurka entsegu bi lortu zituzten eta bigarrena azken mintuan heldu zen: “Zoriondu egin nituen. Garrantzitsuena hori da, ez daitezela behera etorri eta motibazioari eutsi deizaiotela”, azaldu du Urkidik.

Willian Wallace euskaldunak


Konpromisoa erakusten duen beste adibide bat Asier Perugorriak eta beste jokalari batzuk oraintsu sortu duten bideo lan bat da . ‘Braveheart’ filmean Willian Wallace heroi eskoziarrak guda hasi aurretik bere soldaduak hitzez adoretzen dituen eszena hartu eta  mezu propioa txertatu diote. Bideoaren tituluak zortzi minutuko ahaleginaren helburua laburbiltzen du: ‘Motibazioa’.


Datozen asteburu bietan ez dute partidurik eta ondoren BUC Bartzelona taldeak bisitatuko du Arripausueta. Durangarrak gudarako prest egongo dira. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!