Gora heltzeko sasoiz dabiltzala sinistu behar du Kulturalak

Anboto 2013ko urt. 25a, 08:29
Emaitza onen bidera itzuli dira, baina galdutako tartea berreskuratzeko, ezin dute hutsik egin

\"\"Emaitza onen bidera itzuli dira, baina galdutako tartea berreskuratzeko, ezin dute hutsik egin.

 

Durangoko Kulturalak aurkitu du iparra. Lehenengo itzuliko azken txanpa negargarriaren ostean (puntu bakarra zazpi partidutan), lau norgehiagoka daramatza galdu barik: hiru garaipen eta berdinketa bat. Ondorioz, berriro gora begira jarri dira, baina sasoiz ote dabiltza? Liga hasieran eskainitako errendimenduak erakusten du taldeak baduela goian egoteko maila, baina lehenengo iritsi egin behar dute. Zalla laugarren sailkatua bederatzi puntura dago. Mikel Agirregomezkorta entrenatzaileak uste du, azken asteetako mailari eutsiz gero, posible dela "helburu garrantzitsuagoak" jomuga izatea. Hala ere, entrenatzaile denen antzera, zuhurtzia mezua ere utzi du: "Lehenengo mailari eusteko, 45 puntuak lortu behar ditugu".

Defentsa lanean izandako hobekuntza da Kulturalaren erreakzioaren arrazoietako bat. Azken lau partiduetan gol bakarra jaso du, eta, Elgoibar eta Beasain menderatzeko, nahikoa izan dute gol bakarra sartzearekin. Bolada txarran zeudenean defentsan egindako akatsak gogor ordaindu dituzte gerora: "Bermeoren kontra ez ginen ondo ibili, baina nire ustez, gainerako partiduetan ondo jokatu eta aukerak sortu genituen. Baina gola errazegi jasotzen genuen, eta horrela, gaitza da emaitza onak lortzea".

 

Etxetik kanpora emankorrago

Aurten, emaitza hobeak lortu dituzte Tabiratik urrun. Bost garaipen kanpoan eta hiru etxean. Etxean jokatzen dutenean, arerioak atzean gotortzen dira, eta taldeari gaitz egiten zaio amaraun defentsiboa apurtzea. Kanpoan, ostera, partiduak joan-etorrikoak dira, Kulturalaren mesederako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!