"Kontrolatzen ez dudanagaz, zoriagaz jokatzea gustatzen zait"

Anboto 2013ko urt. 20a, 08:19
21 artistaren lanak biltzen ditu Durangoko Museoan zabaldu duten \'Ibillgonia\' erakusketak. Fernando de Vicenteren (Durango, 1965) koadro bat, tartean

21 artistaren lanak biltzen ditu Durangoko Museoan zabaldu duten \'Ibillgonia\' erakusketa kolektiboak. Gipuzkoarrak dira erakusketan parte hartu duten artista gehienak, baina Fernando de Vicenteren (Durango, 1965) koadro bat ere badago, tartean. De Vicente margolariak egin digu erakusketan gidari lana.

 

Durangoko Museoko erakusketa antolatzen ibili zara, ezta?

Bai, baina besterik barik ni bertakoa naizelako aritu naiz horretan. Aurretik egin ditugun erakusketetan ere, bilduma ipintzen den lekutik hurbilen bizi denak hartzen du ardura. Dena den, muntaian, esaterako, Bigen de Pedrok ere jardun zuen.

 

Nola sortu da Ibillgonia erakusketa kolektiborako aukera?

Beittu Art Galeria martxan ipini genuenean ezagutu nituen lagun horietariko gehienak. Eurek denbora gehiago zeramaten Deba inguruan elkartzen, baina orduan batu nintzaien ni.

 

Zerk batzen zaituzte?

Denok dihardugula artearen inguruan lan egiten, eta denok daukagula, zaila izan arren, artea deitzen dugun hori egiten jarraitzeko grina. Ia dena kontra eduki arren, horretan segitzen dugu. Hurbiltasun geografikoak ere batu gaitu.

 

Zer ideiarekin sortu zenuen erakusketara ekarri duzun lana?

Hainbat teknika baliatzen ditut bata bestearen gainean: hainbat tinta, geruza eta disolbentea erabiltzen ditut, esaterako, eta sikatzen denean, tiraka kentzen ditut margo zati batzuk... Hainbat geruzak osatzen du lan bakoitza. Harritu egiten zaitu horrelako metodoaz sortutako artelanak: emaitza ikustean, badirudi ez duzula zuk egin, nahi gabe ateratakoa dela, eta oso gustuko dut hori. Kontrolatzen ez dudanagaz, zoriagaz, jokatzea gustatzen zait: oihala lurrean ipini eta pintura poteak botata ateratzen dena ikustea, esaterako.

 

Koadroaren izenburua ere berezia da: ‘Ez duzu zure aita oso aldatua topatuko’.

Badirudi egileek irudia irakurtzeko jarraibideak ematen dituztela batzuetan koadroen izenburuetan, baina nire kasuan, beharbada harrigarria gertatu daitekeen beste elementu bat gehiago da izenburua, zoriaren menpekoa baita. Kasu honetan, liburu batetik hartutako aipua da izenburua.

 

Beste artistek erakusketara ekarri dituzten lanei buruz, zer azpimarratu gura duzu?

Aipagarria da, esaterako, artelanak egiteko teknika klasikoak baliatu ditugula guztiok: pintura, argazkigintza, eskultura... Baina, teknika tradizional horiek oso gaur egungo eran lantzen ditugu denok.

 

Zelan bizi duzu sorkuntza?

Esango nuke inoizko ondoen nabilela sorkuntzari dagokionez. Uste dut, zentzu batean, arteari ondo datorkiola krisi sasoia: gogoetarako, eztabaidarako momentua da. Artearen papera birpentsatzeko unea da: urteotan instituzioak izan dira artearen erosle nagusiak. Orain, hori bukatu da, eta arteak gizartean zer paper eduki behar duen pentsatzeko aukera daukagu.

 

Gogoeta hauek guztiek eragiten al dute zure lanean?

Bai, izan ere, gehien interesatzen zaidana artearen alde politikoa da. Objektu sortzaile edo saltzaile bezala ez dut ikusten artista, ezta pertsona berezi bezala ere. Uste dut parte-hartze handiagoa izan beharko lukeela gizarte osoak artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!