"Nire zuztarrak Anbotopean daude, baina nire espiritua Artxandara begira"

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Munduko Alkate Onenaren saria jaso du City Mayor fundazioaren eskutik; azaldu dutenez, gainbeheran zegoen hiri industriala arte eta turismo gune bilakatu duelako eta kudeaketan izan duen transparentziagatik eman diote saria

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Munduko Alkate Onenaren saria jaso du City Mayor fundazioaren eskutik; azaldu dutenez, gainbeheran zegoen hiri industriala arte eta turismo gune bilakatu duelako eta kudeaketan izan duen transparentziagatik eman diote saria.

 

Australia, Indonesia, Kanada eta AEBetako alkateekin lehiatu ostean, City Mayor Fundazioak Iñaki Azkunari eman dio 2012ko Alkate Onenaren saria. Bilbon 13 urte daroaz alkate, baina jaiotzez durangarra da. Laudorioak zein kritikak jasotzera ohituta dago. Hala ere, urte gogor bat gozatzera dator saria. 2012an ebakuntza egin zioten minbiziari aurre egiteko, eta urte horretan bertan emaztea galdu zuen. Durangaldetik deitu eta prestu agertu da galderei erantzuteko.

 

Zelan jaso duzu Munduko Alkate Onenaren saria?

Zutunik eta lanean, horixe baita sariak jasotzeko modurik onena. Batzuek diotenez, Bilboko alka- tea izatea eta munduko alkate onena izatea erredundantzia da. Gogoratu Unamunok zioena: “Mundu osoa Bilbo handiago bat da”. Urte gogor baten ostean, sari hau jasotzea motibagarria izan da maila pertsonalean, ezta? Zalantza barik, baina batez ere, momentu onetan eta txarretan jaso dudan maitasuna da motibagarriena.

 

Zein osagai batu behar ditu alkate on batek?

Zintzotasuna, hurbiltasuna, konpromisoa, eta borondateak batzeko gaitasuna izan beharko lituzke.

 

Politikarienganako iritzi txarra zabaltzen dabilen sasoi honetan, honelako sari bat irabaztea ohorea izango da.
Pena bat da normala izan beharko litzatekeena ezohikoa iruditzea.

 

13 urte daramatzazu udaletxearen buru. Zelan aldatu da Bilbo urteotan?

Alkate moduan sartu nintzenean, Euskalduna Jauregia ina- uguratu berri genuen. Oraindik metroaren bigarren linea falta zen, Abandoibarrako paseoa, Isozaki dorreak, Iberdrola dorrea... Gizarte moduan ere asko aldatu gara. Orain, Bilbon kosmopolitagoak garela esango nuke.

 

Zeintzuk dira Bilbok datozen urteetan izango dituen erronkak?

Lehenik eta behin, krisitik irtetea. Udaletik ahalegin guztia egingo dugu inbertsioak erakartzeko, eta munduan gure oihartzuna entzuten jarrai dezaten. Hiriko proiektuen artean, Zorrotzaurreko penintsula irla bihurtzearen aldeko apustua egingo dugu. Talentu, ezagutza eta berrikuntzaren gune bilakatuko da.

 

Krisi sasoian, zelan asmatu hiri handi bateko udal batek zorrik izan ez dezan?

Zuk eta nik geure etxean egiten dugun legez, oparoaldiak aprobetxatuta zor duguna ordaintzen joateko.

 

Munduko Alkate Onenaren saria jaso zenuela jakiteagaz batera, sare sozialak sutan jarri ziren. Kritikak eta laudorioak jaso dituzu. Kukutzaren itxieragatik eta txinatarren bazareen inguruan esandakoengatik kritikatu zaituzte. Zelan jasotzen dituzu kritika horiek?

Gobernatzea erabakiak hartzea da. Batzuetan ez da erraza denak pozik uztea. Beti onartzen ditut argumentuekin egiten diren kritikak, baina ez irain eta fede txarrez egindakoak.

 

Hainbeste urte Bilboko alkate izanda, nongoa sentitzen zara: bilbotarra ala durangarra?

Kastizoek esaten duten moduan, bilbotarrak gura dugun lekuan jaiotzen gara.

 

Saria lortzearren, jaso al duzu zorionik Durangotik?

Durangotik eta mundu osotik jaso ditut sariarengatik zorion mezuak.

 

Zuretzako zer da Durango? Nola gogoratzen duzu jaioterria?

Durango nire umetako agertokia da, nire ‘sentipenen aberria’, Unamunok esango zukeen moduan. Nire zuztarrak Anbotopean daude, baina nire espiritua Artxandara begira.

Erlazionatuak

Zuztarrak Anbotopean eta espiritua Artxandara begira

Atzo iluntzean hil zen Iñaki Azkuna Bilboko alkatea gaixotasun luze baten ondoren, familiak inguratuta. Durangarra jaiotzez (1943), bilbotar peto-p...
Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.