Animazioko Goya saria eskuratu dezake Baleukoren 4 urteko lanak

Anboto 2013ko urt. 19a, 08:54
Martxoan estreinatu zuen Durangoko Baleuko ekoiztetxeak \'The wish fish\' filma. Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan animazioko lanik onenaren saria jasotzeko izendatu dute

Martxoan estreinatu zuen Durangoko Baleuko ekoiztetxeak \'The wish fish\' filma. Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen Goya sarietan animazioko lanik onenaren saria jasotzeko izendatu dute. 

 

Animazioko lanik onenaren sarirako izendatu dute Goya sarien 27. edizioan Baleuko ekoiztetxearen The wish fish. El corazón del roble, Las aventuras de Tadeo Jones eta O Apóstolo pelikulekin lehiatuko da. Otsailaren 17an Madrilen banatuko dituzte sariak.

 

Zientzia fikziotik eta road-movietik ere badauka The wish fish lanak, eta Opil da protagonista: arraina jatea gorroto duen umea. Kalitatezko elikadura bultzatu gura du filmak, eta intentzio hezitzaileko mezua edukitzeaz gainera, abentura dibertigarria ere bada.

 

Lau urteko lana burutu dute Baleukok eta Indiako Image Venture taldeak: hiru milioi euroko aurrekontuagaz, eta 80 langilegaz. 2012ko martxoan estreinatu zuten, eta Goya sariketarako izendapenak berriro zinemara ekarriko du, segurutik, The wish fish. Otsailaren 15ean, ostera, beste lan bat estreinatuko du Baleukok: Blackie eta kanuto.

 

 

 

 "Kanpora ateratzeko ezinbestekoa da
 bertako erakundeen sostengua"

\"\" 

Eduardo Barinagak eta Idurre Cajaravillek egin dute produkzio lana

 

Zer lan egin duzue bakoitzak?

Idurre Cajaraville: Esparru berean egin dugu biok lan: produkzioan. Produkzio arduraduna naiz ni, eta produktorea Eduardo.

 

Zelan sortu zen ideia?

Eduardo Barinaga: Beti ahalegindu gara gure animazioko proiektuetan kontzeptu bi garatzen: balioak transmititzea eta dibertitzea. Hamar luzemetrai egin ditugu, eta erakutsi, erakutsi dugu posible dela balioak transmititu eta ume zein familiei ondo pasaraztea.

 

Zer balio lantzen ditu The wish fish lanak?

E.B.: Umeak arraina jatera bultzatu gura ditu argumentuak, elikadura orekatua sustatzea. Nekazaritza sailarekin garatzen genbiltzan beste lan baten harira sortu zen lan honetarako ideia.

 

Nazioarteko elkarlanean jardun izan duzue proiektu honetan.

E.B.: Baleukoren bokazioa da koprodukzio internazionalak bultzatzea. Aukera bezala ikusten dugu hori. Kasu honetan, Indiarekin kopodruzitu dugu lana: Image Venture taldeagaz. Oso animatzaile eta sortzaile onak dauzkagu Euskal Herrian, eta gure ekoizpenak munduan zabaltzeko gai gara: duela gutxi, lau Olentzero filmak saldu genituen Errusian.

 

Lantalde euskaldunak garatu du ideia, baina?

E.B.: Ideia, kreatibitatea eta gidoia Euskal Herrian sortutakoak dira, Indian produzitu dute animazioa, eta musika ere, eurena da.

 

Badago hemen proiektuak garatzeko laguntza nahikorik?

I.C.: Oso positiboa da koprodukzioa eta nazioartera zabaltzea, eta aukera bezala ikusten dugu, koordinazio lana zaila den arren. Horrek ez du kentzen, baina, gure ordezkari eta erakundeei laguntza gehiago eskatzea. Iruditzen zaigu kultura eta artea egiten dugula, eta gainera, industria bat sortu dugula, langileak dauzkagula. Uste dut laguntzak falta direla.

E.B.: Dena den, kanpora ateratzeko, ezinbestekoa da bertako erakundeen sostengua edukitzea, hori barik oso zaila da atzerrira ateratzea.

 

Kasu honetan, eduki duzue etxean laguntasuna, ezta?

I.C.: Bai, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Nezakazaritza sailen babesa eduki dugu, ETB proiektuaren koproduktorea da, eta TVE-k emisiorako eskubideak eskuratu ditu.

E.B.: Durangon sortutako proiektu bat munduan zehar ibiliko da horri esker.

 

Zer dakar Goya sarietarako izendapenak?

I.C.: Oso garrantzitsua da merkatura joaten garenean curriculum osotua edukitzea. Goya bat eduki badaukagu, eta nazioartean sari ezaguna da, eta horrek gure lana saritzen du. Hirugarren aldiz nominatu gaituzte, eta badauka guretzat garrantzia.

 

Zer aukera dauzka The wish fish filmak?

E.B.: Ez dut uste irabaziko dugunik: Tadeo Jones da faboritoa.

 

Zer dauka zuenak alde?

E.B.: Oso maila altuko animazio adauka The wish fish-ek, eta abentura ondo eginda dago, erakutsiz eta dibertituz.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!