Formatu eta diseinu berriko liburuxka kulturguneko nobedadeak batzeko

Anboto 2013ko urt. 10a, 10:06
Durangoko San Agustin kulturguneko ekainera arteko programazioaren berri emateko kaleratu dute formatu berriko liburuxka. Datozen hileetan antzokia beteko duten 15 ikuskizunen berri eman dute

Durangoko San Agustin kulturguneko ekainera arteko programazioaren berri emateko kaleratu dute formatu berriko liburuxka. Datozen hileetan antzokia beteko duten 15 ikuskizunen berri eman dute.

 

Formatu  eta diseinu berriko programazioagaz hasi dute, Durangoko San Agustin kulturgunean urtea: aurretikoa baino liburuxka handiagoan eta kulturzaleari planifikaziorako baliabide gehiago eskaintzeko asmoagaz banatuko dute aurrerantzean antzokia beteko duten emankizunen berri. Liburuxka bera, eta urtarriletik ekainera arte San Agustin beteko duen kultur egitarauaren berri ematera agertu dira Arantza Arrazola kudeatzailea eta Jon Kepa Garro Astarloa Kulturgintza erakundeko arduraduna, asteon.

 

 

Seihileko honetan, iazkoan baino lau ikuskizun gutxiago izango dira, Garrok azpimarratu duenez, 15 guztira. Udalaren ordezkariak azaldu duenez, “esfortsu berezia egin dugu urteko kuota ez igotzeko eta  bazkideen abantailak mantentzeko”. Aretoaren bazkide egiteak dakartzan onurak gogorarazi (sarrera guztietan %25eko deskontua, urtean ikuskizun bi doainik, etab.), eta bazkide egitera gonbidatu dituzte kulturzalea.

 

 

Arantza Arrazola antzokiaren kudeatzaileak esan duenez, “eskaintzen ditugun ikuskizunen kalitatea mantentzea lortu dugu, eta baita sentsibilitate eta gustu guztientzako moduko egitaraua osatzea”. Guztira, helduentzako hamar eta umeentzako bost emanaldi izango dira ekainera arte San Agustinen: umetxoentzako ikuskizunak, dantza, antzerki klasikoa, eta komedia, besteak beste.

 

 

Liburuxkan banan-banan azalduta datozenetatik hainbat hitzordu nabarmendu ditu, antzokiko kudeatzaileak: zapatu honetako antzezlan klasikoa, Euskal Herrian ekoitziriko Aquí va ha pasar algo komedia, Carmen Rocha madrildarraren Sueño de una noche de verano baleta, Nuestra señora de las nubes “harribitxia”, Pepe Viyuela, Bergarako Kantinelas Teatro taldearen umetxoentzako Urtaroekin jolasten…

 

Durangaldeko obrak

Bereziki nabarmentzeko Durangaldeko antzerkiaren beste hitzordu bi ere antolatu dituzte San Agustinen: Zornotzako Markeliñearen Hareazko ipuinak obraren urtarrilaren 20ko emanaldia, eta Abadiñoko Gorakada-ren 25. urteurreneko erakusketa eta Munduari itzulia umeentzako antzezlanaren otsailaren 17ko emanaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!