Tabirako Baqueko neskek 'Play off'-ean sartzea dute helburu

Anboto 2013ko urt. 12a, 08:56

Alberto Molinaren taldea igoera postuetan sailkatzeko lanean dabil; Tomas de Castroren mutilek altuera oztopoari aurre egin diote eta bigarren doaz

Alberto Molinaren taldea igoera postuetan sailkatzeko lanean dabil; Tomas de Castroren mutilek altuera oztopoari aurre egin diote eta bigarren doaz.

 

Durangoko Tabirako Baque klubeko lehen mailako taldeek liga erdia jokatu dute dagoeneko. Gizonezkoek zein emakumezkoek garaipen banarekin bukatu zuten urtea, eta asteburuan ekingo diote berriz txapelketari Gabonetako oporren ostean.

 

Emakumezkoen lehen mailako taldea zortzigarren postuan sailkatuta dago. Hasiera eskasa egin zuten neskek, eta Gabon aurretik ere hiru jardunaldi jarraian galdu zituzten. Baina urtea garaipenarekin bukatzeak indarrak eman zizkion taldeari urte berrirako, Alberto Molina entrenatzailearen berbatan.

 

Igandean sailkapen taulan azkena den Grupo Viaria Liceo Monjardin izango dute aurkari. Garaipena eskuratzeko aukera dute, baina Molinaren ustez "aurkariaren zelaian jokatzeak beti ditu bere zailtasunak". Amaierara begira, taldearen helburua sailkapen taulan lehenengo bost postuetan sailkatzea da. Play offa jokatu eta igoera postuetan kokatzea, nahiz eta gaitz ikusten duten.

 

Gizonezkoen lehen mailako taldea denboraldi ona egiten ari da. Jokatutako 12 partidutik zortzi irabazi dituzte. Horrek sailkapen taulako bigarren postura eraman ditu. Gaur ekingo diote denboraldiari, azken aurreko sailkatu den Autocares Artiedaren aurka jokatuz Iruñean, 18:15ean. Hasieran jokalarien altuera falta oztopo ikusten zuten arren, beste ezaugarri batzuei etekina ateraz, oso emaitza onak lortu ditu taldeak. Haien helburua hamar onenen artean sailkatzea zen eta momentuz, lortu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!